Gizartea -

Txostena

Donostia, taxi tarifa garestienak dituen bigarren hiria

Tarragona, Donostia eta Teruel taxi tarifa garestienak dituzten hiriak dira, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkartearen ikerketa baten arabera.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostia da, Tarragonarekin eta Teruelekin batera, taxi tarifa garestienak dituzten hiriak, OCU Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkartearen arabera. 54 hiritan egin dute ikerketa, 2016an, eta, bertan ikusi dutenez, % 110eko aldea dago tokirik garestienaren eta merkeenaren artean.

Erabiltzaileen elkarteak bi kasu aztertu ditu datu horiek ondorioztatzeko. Alde batetik, astegunean zehar, goizeko 11:00etan, bost minutuko itxaronaldiarekin egindako 3 kilometroko ibilaldia, eta, bestetik, ibilaldi bera hartu, baina jai egunean eta goizaldean egin zuten.

Txostenaren datuen arabera, lehen kasuan ibilaldiaren batazbesteko prezioa 6,17 eurokoa izan zen, % 89ko aldearekin, bidaia egindako hiriaren arabera. Zehazki Tarragona (8,76 euro) da hiririk garestiena, eta Donostia (7,90 euro) eta Teruel (7,57 euro) ditu atzetik. Merkeenak, berriz, Las Palmas (4,63 euro), Santa Cruz Tenerifekoa (4,66 euro) eta Ceuta (4,69 euro).

Gaueko ibilbidean, aldiz, prezioak gora egiten du eta hemen aurkitzen dugu tokirik garestienaren eta merkeenaren arteko alde handiena (% 110). Berriro ere Tarragona (10,91 euro) garestiena da, atzetik Donostia (9,94 euro) eta Alacant (10,38 euro) dituela. Albacete (5,70 euro), Las Palmas (5,24 euro) eta Santa Cruz Tenerifekoa (5,21 euro), berriz, merkeenak dira.

Igoera txikiak

Txostenaren arabera, 2015etik hona taxien tarifak ez dira asko igo. Eguneko bidaietarako prezioa % 0,5 hazi da, eta gaueko ibilbiderako % 0,39. Gainera, aztertutako 54 hirietatik 43n ez da prezioan igoerarik izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Gizartea bideoak