Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakumeentzat seguruak ez diren tokiak identifikatuko dituzte Iruñean
Emakume ezberdinekin lan-taldeak osatuko dituzte eta sanferminetan arriskutsuak izan daitezkeen tokiak identifikatuko dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iruñeko Udalak sanferminetan emakumeentzat arriskutsuak diren tokiak identifikatu nahi ditu eta horretarako ekainean bi lan-saio egingo ditu festetan beren burua arriskupean ikusi duten emakumeekin.
‘Sanferminak berdintasunean’ taldeak bultzatutako ekimenaren helburua jaietan eraso sexistarik ez egotea da, “eraso sexistarik gabeko hiri batean emakumezkoek berdintasunean eta askatasunean goza dezaten festez”, azpimarratu du Udalak ohar batean.
Prebentzioa eta sentsibilizazioa kanpaina ezberdinak egin ditu Iruñeko Udalak, baita eraso sexistak salatzeko eta biktimei laguntzeko baliabideak jakinarazteko informazioa zabaldu ere.
Lan-saioak ekainaren 2an eta 7an egingo dituzte Condestable Jauregian eta bertan adin guztietako emakumezkoek parte hartu ahal izango dute. Izen-ematea doanekoa izango da.
Asmoa da soslai ezberdinetako emakumeekin Iruñeko toki arriskutsuak identifikatzea, parte-hartzaile bakoitzak segurtasun falta sentitu duen lekua zein den esanda eta bere testigantza emanda.
Jai-gune guztiak, zehazki, eta Iruñea bera, oro har, emakumeentzat toki segurua izatea da helburua. “Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko errespetuak ahalbidetuko du neskatoek eta emakumezkoek indarkeriarik, arriskurik eta edozein motatako eraso sexistarik gabe goza dezatela sanferminetaz”.