Gizartea -
'Black Glass' operazioa
Legez kanpo 2,5 tona angula esportatu dituen sarea desegin dute
'Black Glass' polizia operazioaren baitan, 8 pertsona atxilotu dituzte eta, gainera, beste 3 lagun ikerketa pean daude.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Legez kanpo 2,5 tona angula esportatu dituen sare bat desegin dute Espainian. "Black glass" polizia operazioaren baitan, 8 pertsona atxilotu dituzte eta, gainera, beste 3 lagun ikerketa pean daude; horiei guztiei talde kriminal bateko kide izatea, kontrabandoa eta faunaren kontrako delituak leporatzen dizkiete. Aipaturiko polizia operazioan EUROPOLek eta Guardia Zibilaren Madrilgo, Salamancako, Bizkaiko eta Zaragozako unitateek parte hartu dute.
Poliziak egindako miaketetako batean hainbat material atzeman dute eta B kontabilitatearen frogak aurkitu dituzte. Ikerketaren arabera, 2.527,43 kilogramo angula saldu zituzten atzerrira eta 4 milioi euroko balioa izan lezake merkatuan.
Jatorri txinatarreko hiritarrek zuzentzen ei zuten sarea eta, guztira, 20 pertsonak parte hartzen zuten, tartean, nazionalitate espainiarreko hiru lagunek. Gainera, atxilotuetako hiru nazionalitate espainiarrekoak dira.