Gizartea -
Overbooking operazioa
Bost trafiko-sare desegin dituzte Bizkaian, Gipuzkoan eta Kantabrian
Erakunde horietako batek Kantabrian dagoen El Dueso espetxean (Santoña) droga sartzen zuen; beste batek haxixa garraiatzen zuen Marokotik.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak droga-trafikoan aritzen ziren bost sar desegin ditu Bizkaian, Gipuzkoan eta Kantabrian. Operazio horretan 300 kilo inguru haxix atzitu eta 32 pertsona atxilotu dituzte, horietatik 15 dagoeneko espetxean daude.
Erakunde horietako batek Kantabrian dagoen El Dueso espetxean (Santoña) droga sartzen zuen; beste batek haxixa garraiatzen zuen Marokotik.
Overbooking operazioak urte bat eta erdi inguru iraun du, eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Kantabria artean garatu da. Operazioan zehar 17 espainiar, 14 marokoar eta argentinar bat atxilotu dituzte. Atxilotuen artean El Dueso presondegiko bost preso daude.
Ikerketaren barruan 28 miaketa egin dira, eta beste droga batzuk ere atzitu dira; besteak beste, 4.000 pilula clorazepam, marihuana kukulu, speed-a eta kokaina. Horrez gain, dirua, armak, telefono mugikorrak eta autoak ere aurkitu dituzte.
Ikerketa-lanak 2014. urte bukaeran hasi zituzten; izan ere, garai hartan El Duesoko preso bati ebakuntza egin behar izan zioten gorputz barruan zeramatzan 80 haxix poltsetako bat apurtu baitzitzaion, espetxe-baimen baten ostean.
Gertakari horren atzean El Duesoko espetxean droga sartzen zuen sare bat zegoela ikusi zen, eta horren arduraduna espetxe horretan bertan preso zegoen gizonezko bat zela. Sareak droga sartzen zuen espetxean espetxe-baimen baten ostean espetxera itzultzen ziren presoen bidez.
Aipatu preso horren bikotekidea arduratzen zen drogaren salmentatik ateratako dirua Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat gunetan zuritzeaz.
Operazio horren ondorioz, Guardia Zibilak haxixa, marihuana eta speed-a saltzen zuten beste lau erakunde desegin ditu. Horietako batek haxixa garraiatzen zuen Marokotik, eta droga horren 95 kilo aurkitu dituzte Leioan, furgoneta baten barruan.