Gizartea -
Dokumentazioa
Vegako Zezena, Erdi Aroko anakronismo baten amaiera
Zezena hiltzea 1966tik 1969ra ere egon zen debekatuta zezena hiltzea, baina salbuespena izan da Erdi Aroan jaiotako "txapelketa" honetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaztela eta Leongo Juntak Vegako Zezena ospakizunean adarduna hiltzea debekatu izana garaipena da animalien eskubideak defendatzen dituztenentzat.
Zezena hiltzea 1966tik 1969ra ere egon zen debekatuta, baina salbuespena izan da "txapelketa" honetan.
Vegako Zezenaren jatorria ez dago argi. Bertsio ofizialaren arabera, 1335ean sortu zen, baina lehen aipamen idatzia 1534koa da.
"Txapelketa" horretan, hainbat pertsonak zezen bat jazarri behar dute, landa batean, eta lantzekin sastatuz hil behar dute.
Animalia hilabete batzuk lehenago hautatzen dute, eta nolakoa izan behar den ere araututa dago: "tamaina eta satai handikoa izan behar da, 4 eta 7 urte artekoa, eta 600 kilokoa baino gehiagokoa".
1980an, Interes Turistikoa duen Festa izendatu zuen Espainiako Gobernuak, eta, 1999an, Zezen Ikuskizun Tradizionala Gaztela eta Leongo Juntak.
Azken urteetan, animalien eskubideen aldeko PACMA alderdiak manifestazioak deitu izan ditu ospakizunaren bezperan, Madrilen.
Gainera, gero eta ohikoagoa da animalien aldekoak Tordesillasera bertaratzea, protesta egiteko. Iaz, adibidez, hainbat pertsona ibilbidearen erdian kateatuta zeudela askatu zuten zezena, eta, duela bi urte, manifestariak harrika hartu zituzten.
Iazko urrian, Valladolideko epaitegi batek baliogabe utzi zuen 2014ko Vegako Zezena egiteko baimena, "irregularra" zelako. PACMAk jarri zuen salaketa.