Gizartea -

Gaixotasuna

Amiantoak kaltetutakoentzako funtsa eskatu dio Legebiltzarrak Madrili

Gaur onartutako testuak Frantziako kalte-ordain funtsa hartzen du eredu gisa.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe
Eusko Legebiltzarra.
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarra izan da Espainiako Gobernuari amiantoaren biktimentzat funtsa sortzea eskatu dion Estatuko lehenengo erakundea, eta aho batez onartu duen lege proposamen baten bitartez egin du.

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk babestu dute ekimena, gaiaren harira sortu zen lantaldeko lanen emaitza izan dena, eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia ere jaso duena.

Gaurko osoko-bilkuran onartuta, lege proposamena Gorte Nagusietara igorriko dute, bertan tramita dezaten. Gorteak desegin bazituzten ere, eskaera bertan egongo da berriro osatzen dituztenean, Gloria Sanchez legebiltzarkide sozialistak argitu duenez.

"Eusko Legebiltzarra da Madrili horrelako funts bat martxan jartzea eskatu duen lehenengo erakundea, eta aho batez hartutako erabakitik eta biktimek eta horien senideek ordaina merezi dutela uste dugulako egin dugu eskaera, bakea merezi dutelako, ez auzitegietako gerrak", adierazi du Jon Aiartza EAJren legebiltzarkideak.

Legebiltzarkide jeltzaleak Asviame amiantoaren biktimen euskal elkarteko kideen aurrean egin ditu adierazpenok, Legebiltzarrean izan baitira.

Lege ekimen horrek babes osoa jaso ostean, Jon Garcia Asviamieren bozeramaileak agerraldia egin du hedabideen aurrean, eta "egun historikoa" dela azpimarratu du, gustura.

Garciak berretsi du lehenengo aldia dela Estatuko parlamentu batek elkarteren aldarrikapenak bere egiten dituela. Azkenik, Madrilek "injustizia" hori amaitzeko eskaerari jaramon egingo diola espero duela esan du.

Ia 4.000 hildako

Lege proposamenaren argudioen zatian azaltzen denez, Espainiako Estatuan 1994tik 2008ra 3.943 pertsona hil dira amiantoarekin lotura zuzena zuten gaixotasunengatik, eta aurreikuspenen arabera, 2023 arte ugaritu egingo dira kasuak, nahiz eta ordutik aurrera egonkortzea espero den.

Era berean, gogorarazi dute zientifikoki egiaztatu dela amiantoaren eta mesotelioma gaixotasunaren arteko lotura, eta hala ere, Espainiako Estatuak oraindik ez duela biktima horiei ordaina emateko funtsik, Frantzian duela 15 urtetik badute ere.

Horren harira, gaur onartutako testuak Frantziako kalte-ordain funtsa hartzen du eredu gisa.

Azpimarratzen denez, amiantoaren arazoa jada ez dago prebentzioaren eremuan, baina kaltea urteetara agertzen da, eta "gatazka judizial ugari" sortzen da; horregatik nahi dute "errurik gabeko" kalte-ordain funtsa.

"Une historikoa da", adierazi du Eva Blanco EH Bilduren legebiltzarkideak, Legebiltzarra "hiltzaile isil" horren "bozgorailu" bihurtu dela goraipatu aurretik.

Bixen Itxasok (PSE-EE) eskaera Kongresuan jaso dezaten eskatu du, eta Espainia alor honetan gainerako Europako estatuen parean jartzea.

Mari Carmen Lopez de Ocariz PPren ordezkariak "pauso irmo"tzat jo du lege proposamenaren onarpena, eta "onena" Europa mailako funtsa izango litzakeela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra bideoak Gaurko azken orduko albistea