Gizartea -
Errege Kopa
Debekatuak egongo dira esteladak Errege Kopako finalean
Puigdemontek iragarri du ez dela joango finalera, protesta gisa.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Gobernuko ordezkaritzatik gaur jakinarazi dutenez, ezin izango dira esteladak Madrilgo Vicente Calderon zelaian sartu, Bartzelona eta Sevilla arteko Errege Kopako finalean, Kirol-legeak horrela ezartzen duelako.
Era berean, ezin izango dira sartu ikur xenofobo edo legeak debekatzen dituen beste batzuk ere.
Datorren igandean, maiatzaren 22an, Errege Kopako finalerako segurtasun neurriak ezartzeko gaur egindako bileran hartu dute erabaki hori.
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak iragarri du ez dela finalera joango Espainiako Gobernuak atzera egiten ez badu.
“Ezin dut parte hartu Errege Kopako finalean esteladekin joan nahi diren Bartzelonako zaleen adierazpen askatasuna errespetatu arte. Atentatu larria da”, adierazi du.
Puigdemontek nabarmendu du ‘estelada’ legezkoa eta demokratikoa dela, eta kataluniar askorentzat “askatasun” ikurra dela.
“Asko harritu nau erabakiak, adierazpen askatasunaren aurkakoa da, oso larria da”, gaineratu du.