Gizartea -

LOMCE

EAEk ez du Batxilergoko 'errebalida'rik egingo hurrengo ikasturtean

12 erkidegok, tartean Nafarroak, proba bertan behera geratzea eskatu dute.

Uriarte, gaurko bileran. Argazkia: Efe
Uriarte, gaurko bileran.
Uriarte, gaurko bileran. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEk ez du Batxilergoan "errebalida" azterketarik egingo hurrengo ikasturtean, eta unibertsitateekin adostutako "selektibitate" probari eutsiko dio, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak iragarri duenez.

"Hezkuntza ministroari jakinarazi diogu DBHko eta Batxilergoko errebalidetarako errege dekretuen eta agindu ministerialen kontra gaudela, eta bertan behera utz ditzala eskatu diogu", adierazi du Uriartek Sektoreko batzarrean izan ostean.

Hurrengo ikasturtean hasiko dira errebalidak DBHn eta Batxilergoan, LOMCEren arabera, eta beharrezkoa izango da gainditzea tituluak lortzeko 2017-2018 ikasturtetik aurrera, baina Espainiako Estatuko 12 erkidegoak, tartean Nafarroak, proba bertan behera geratzea eskatu dute.

Sailburuaren hitzetan, probak "zentralizaziora eta homogeneizaziora" bideratuta daude, eta "ez dute hezkuntza hobetzen, inola ere".

"Guk gure ebaluazio sistema propioa garatu nahi dugu, baina gure ereduan oinarritua eta gure beharrei begira", argudiatu du.

Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza ministro espainiarra erkidegoen iritzia jasotzen ari da, baina "oso argi" omen du "proiektuarekin aurrera jarraitu" nahi duela, Uriartek azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Eguneko albisteak Latinoamerikako azken ordukoa Txile