Gizartea -
2016ko sanferminak
Iruindarrek gaurtik aurrera erabakiko dute sanferminetako txupineroa
Aurten hauek dira hautagaiak: Iruñeko Peñen Federazioa, Paris 365, “El Tuli”, Sanferminak Berdintasunean taldea, Oberena dantza taldea eta Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma.
agentziak | erredakzioa
Iruñeko herritarrek gaurtik, hilaren 10etik, aurrera erabakiko dute 2016ko sanferminetako txupina nork jaurtiko duen, Sanferminetako Mahai Orokorreko elkarteek proposatu dituzten hautagaien artean, Joseba Asiron Nafarroako hiriburuko alkateak iragarri duenez.
Herritarrek ekainaren 10etik 17ra izango dute botoa emateko aukera, eta lehenengo fasean beharrezko baldintzak bete zituztenak daude hautagaien zerrendan: Iruñeko Peñen Federazioa, Paris 365, “El Tuli”, Sanferminak Berdintasunean taldea, Oberena dantza taldea eta Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma.
Interesatuek Iruñeko Udaleko webgunean, 948420100 telefono zenbakira deituta edota Civivox zentroetara joanda bozkatu ahal izango dute.
Dena den, pertsona bakoitzak boto bakarra emateko aukera izango du, eta, era berean, funtsezkoa izango da Iruñean erroldaturik egotea eta 18 urte baino gehiago izatea.
Udalak gogorarazi duenez, alkatearen eskumena da txupina nork jaurtiko duen erabakitzea; beraz, prozedura berri horrek herritarrei ematen die egun horretako protagonista zein izango den erabakitzeko aukera.
Halaber, lehenengo fasean hiriari edozein alorretan ekarpenak egin dion edozein pertsona fisiko edo juridiko proposatu ahal izan dute, alderdi politikoak, sindikatuak, enpresak eta erlijiosoak kenduta.
Bi hautagai berdinduta geldituz gero, txupina elkarrekin jaurtitzea proposatuko dute.