Gizartea -

Gasteizen

Bi urteko kartzela eskaera, haurrak autoan giltzapetuta uzteagatik

Arabako Fiskaltzak lau delitu egotzi dizkie bi emakumeei. Halaber, 2.700 euroko isun eskaera egin du horietako batentzat autoritateari erresistentzia eta desobedientzia leporatuta.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Fiskaltzak bi urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra eskatu du bi emakumeren kontra, horien adin txikiko alabak auto barruan giltzapetuta utzi eta Gasteizko taberna batera joatea egotzita.

Ministerio Publikoak idatzi batean azaldu duenez, bi emakumeek zazpi urtez azpiko hiru neska autoan giltzapetuta utzi zituzten "horrek zituen arriskuez jakitun baziren ere".

Fiskaltzaren kontaketaren arabera, haurrak autoan utzi eta ostalaritzako saltoki batera joan ziren bi emakumeak. Bien bitartean, beren amak autora itzultzen ez zirela ikusita, haurrek 112 telefonora deitu eta "giltzapetuta" zeudela, "gose zirela", ez zutela jatekorik eta gaua zela ohartarazi zuten.

Gerora, emakumeek autora itzultzeko arazoak izan zituzten "mozkortuta zeudelako", Ministerio Publikoaren arabera. Gauzak horrela, inguruan zebiltzan oinezkoei laguntza eskatu zieten eta horiek Poliziari deitu zien.

Tokira bertaratu ziren udaltzainek auto barruan harrapatuta zeuden adin txikikoak topatu zituzten. Udaltzainek bi emakumeen kontrako atestatua zabaldu zuten eta horren berri izandakoan emakumeetako batek udaltzainetako bati eraso egin ei zion.

Guztira, lau delitu leporatzen dizkiete bi emakumeei, tartean, aldi baterako beren alabak bakarrik uztea egotzita. Halaber, Fiskaltzak 2.700 euroko isun eskaera egin du bi emakumeetako batentzat autoritateari erresistentzia eta desobedientzia leporatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Epaiketak albisteak Gizartea Gasteiz albisteak Albisteak