Gizartea -
Gipuzkoa
GuraSOS izeneko elkartea sortu dute, Zubietako erraustegiaren aurka
Prestatu dute manifestu baten aldeko sinadura bilketa bat egingo dute Gipuzkoako Aldundiari aurkezteko.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako hainbat gurasoz osatutako talde batek GuraSOS plataforma eratu du, Zubietako erraustegiaren eraikuntzaren aurka, uste baitute euren semeen osasuna arriskuan jartzen duela.
Kolektibo horrek ohar bat eman du argitara, eta bertan adierazten du plataformako kideak "hainbat esparrutakoak eta ideologia desberdinetakoak" direla eta ez dutela inolako interes politiko edo ekonomikorik, baizik eta duten asmo bakarra haurren osasuna dela.
"Zuek bezalako aita-amak, aitona-amonak eta osaba-izebak gara. Erraustegiaren proiektua bertan behera gera dadila eskatzen dugu, gaur egun ez baitago berme nahikorik gipuzkoarren eta bereziki haurren osasunaren gainean", diote oharrean.
GuraSOS elkartearen arabera, Biodonostia institutuak ikerketa epidemiologiko bat egiteak, "arrisku baten aurrean" gaudela adierazten du, eta Gipuzkoako herritarrak erraustegiak gizakion osasunean duen eragina neurtzeko "erabiliko" dituztela dio.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak "30 kilometroko eragin-eremua" onartu duela zehaztu dute, eta eremu horren barruan 200 ikastetxe, Donostia Unibertsitate Ospitalea eta Onkologikoa daudela.
Aurrera eramango dituzten ekimenen artean, prestatu duten manifestu baten aldeko sinadura bilketa bat dago, Gipuzkoako Aldundiari aurkeztu eta hark zaborrak errausteko planta eraikitzeko asmoari uko egin diezaion.