Gizartea -

Polizia-operazioa

Torbe aktore pornoaren biktima gehiago aurkitzeko laguntza eskatu dute

Zine pornoko aktore, zuzendari eta ekoizlearekin batera beste bost lagun ere atxilotu zituzten. Ignacio Allende, Torbe, kartzelan dago, fidantzarik gabe.

Polizia Nazionalak zabaldutako irudia. Argazkia: EFE.
Polizia Nazionalak zabaldutako irudia. Argazkia: EFE.
Polizia Nazionalak zabaldutako irudia. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak herritarren laguntza eskatu du, xede izanik Torbe zine pornoko aktore, zuzendari eta ekoizleak ustez zuzendutako taldearen biktima gehiago topatzea. Torbe duela egun batzuk atxilotu zuten, beste bost lagunekin batera; izan ere, ustez, adingabe batzuk behartu zituen bideo pornografikoak egitera.

Ignacio Allende Fernandez, Torbe, apirilaren 25ean atxilotu zuten; operazio horretan bertan, beste bost lagun ere atxilotu zituzten, Poliziak gaur zehaztu duenez: horietako lau Torberen enpresako kideak ziren, eta azkenak, Ukrainako herritarra bera, emakume ukrainarrak jartzen zituen taldearen esku.

Madrilgo 36. Instrukzio Epaitegiko titularrak komunikazioarekin eta fidantzarik gabeko kartzela diktatu zuen apirilaren 28an Torberen aurka, ondorengo delituak egotzita: haur-pornografia, gizakien salerosketa, kapitalak zuritzea eta Ogasun Publikoaren aurkako delituak. Beste bi lagun ere sartu zituzten kartzelan, delitu horiek ere egotzita.

Poliziak, orain, laguntza eskatzen du, balizko biktima gehiago aurkitzeko; herritarren esku 900105090 telefonoa jartzen du, bai eta trata@policia.es posta elektronikoa. Biak dira erabat isilpekoak.

Adingabe bat protagonista duten bideo pornografikoak

Poliziak zehaztu du nola ikerketan hainbat bideo pornografiko topatu dituzten; adingabe bat zen horietako protagonista. Atxilotuaren enpresetako baten zerbitzari nagusian zeuden bideoak.

Operazioa abiarazi zuen biktima da. Gazteak salatu zuenez, Madrilgo taberna batean gerturatu zitzaizkion, bideo pornografikoetan parte hartzeko; hasieran baietz esan zuen, baina gero erabaki zuen ezezkoa ematea. Orduan, derrigortu zuten, eta gai sorgarriak erabiliz behartu grabatzera.

Gainera, ikertzaileek berretsi dute beste adingabe bat protagonista duen bideoetako bat Torberen web orrian plazaratu zutela; nahitaezkoa zen diru-kopuru jakin bat ordaintzea osorik ikusi ahal izateko.

Lehen adingabearen salaketa abiapuntu, Poliziak beste ikerketa baten datuekin alderatu zituen ondorioak, eta, azkenean, nazioarte-mailako bilbadura topatu zuten; ustez, Ukrainako emakumeak harrapatzen zituzten, askotan emakumeek eurek nahi gabe, eszena pornografikoak grabatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea