Gizartea -
Mendekotasunen Legea
Estadioetako VIP eserlekuetan ere debekatuta dago alkohola edatea
Debekuak "ikusle guztiei eragiten die, euren eserlekua nonahi dagoen ere", argitu du Jaurlaritzak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argitu du estadioetan erretzeko eta alkoholdun edariak edateko debekua palkoetan eta VIP guneetan ere indarrean dagoela. "Mendekotasunen Legeak ikusle guztiei eragiten die, euren eserlekua nonahi dagoen ere", ohartarazi du.
Eva Blanco (EH Bildu) eta Carmelo Barrio (PP) legebiltzarkideek debekua VIP guneetara ere zabalduta dagoen galdetu diote Darponi, eta hark erantzun du legea "argia" dela. "Debekua ikusle guztientzat da, instalazioak zabaltzen dituztenetik itxi arte", azaldu du.
Nolanahi ere, Darponek esan du "normala" dela legearen "lehen asteetan" nahasmena egotea. Horregatik, Osasun Saila kirol taldeekin harremanetan jarri da, "informazio argia" emateko.
"Alkoholaren kontsumoa eta kirola ez dira bateragarriak", ohartarazi du sailburuak.