Gizartea -
Zubieta
GHK-k urtean 29 milioi ordainduko ditu, 35 urtez, erraustegiagatik
Nolanahi ere, GHK-k uste du kopuru hori "nabarmen" jaitsiko dela esleipen prozesuan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) Asanbleak bideragarritasun plan bat onartu du ostiral honetan. Horren arabera, Zubietako erraustegia kudeatuko duen enpresari 29 milioi euro ordainduko dizkiote urtean, 35 urtez.
Esleipena izango duen konpainiak egin beharko duen gehienezko inbertsioa 212 milioi eurokoa izango da hiru urtean, eta, erraustegia eraiki ondoren, aipatu 29 milioi euroak jasoko ditu urtero.
Nolanahi ere, GHK-k uste du kopuru hori "nabarmen" jaitsiko dela esleipen prozesuan, "interes handia" piztu baita hainbat enpresaren artean, kontratua lortzeko, Gipuzkoako Aldundiak azaldu duenez.
GHKren ordainketez gain, esleipena lortuko duen enpresak urtean 4 milioi euroko diru-sarrerak lortu ahalko ditu energia eta berreskuratutako materialak salduz.
Aldundiaren datuen arabera, Zubietako erraustegiak 40.000 etxe hornitzeko adina argindar ekoitziko du.
Bestalde, GHK-k (EAJk eta PSE-EEk kontrolatzen dute) salatu egin du 2014ko kudeaketa ekonomikoa (Bilduk zuzentzen zuen orduan), erakundearentzat berarentzat "kaltegarria" izan zelakoan. Horregatik, Kontu Auzitegiko Fiskaltzara jo dute.
Halaber, GHK-k onartu egin ditu iazko aurrekontuak. Lehen urratsa da erraustegia eraikitzeko lehen fasea esleitu ahal izateko.