Gizartea -
Hezkuntza Ituna
Ikasle guztiek gaztelania menperatzea nahi du Gabilondok
Txostenak 12 helburu eta 148 proposamen ditu. "Zuzentasuna eta bikaintasuna hezkuntza sistemako maila guztietan bermatu" nahi du planak.
Erredakzioa
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) amaituta ikasle guztiek gaztelania menperatzeko, "beharrezko" baliabide guztiak jartzea eskatu die botere publikoei Angel Gabilondo Hezkuntza ministroak. Erkidegoan beste hizkuntza bat egotekotan, hori ere menperatzea nahi du ministroak.
Ikasleak ikasketak amaituta gaztelera, beste hizkuntz ofizial bat eta ingelesa jakitea bermatzen du Angel Gabilondo ministroak hezkuntza sektore guztiei gaur aurkeztu dien Hezkuntza Itunaren behin betiko testuak, eta irakaslegoaren aginte morala indartzen du.
Hezkuntza Ministerioak proposatutako dokumentuak 12 helburu ditu eta 148 proposamen biltzen ditu. "Zuzentasuna eta bikaintasuna hezkuntza sistemako maila guztietan bermatu" nahi du planak.
Testu berriaren proposamen nagusiak hauek dira:
Ikasleak: Ikasle guztiek gutxienez 18 urteetara arte ikasten jarraitzea sustatuko dute, hezkuntza eskaintzak malgutuz, bizitzan zehar ikastea bultzatuz eta lana eta ikasketak partekatzea ahalbidetzeko alternatibak eskainiz.
Irakasleak: Irakasleek eguneroko lanari aurre egiteko beharrezko prestaketa izatea nahi du Gabilondok, hezkuntza egokiaren bidez aspektu zientifikoak zein pedagogikoak indartuz.
Zentroak: Zentro publiko zein pribatuek kalitatezko hezkuntza ematea lortu nahi dute, bazterketarik gabe eta autonomoa funtzionamenduan.
ANPE, STEs-I, CSIF eta USO irakasleen sindikatuek agiria "nahikoa ez" dela esan dute. Sindikatuen esanetan, testuak "ez du askorik aurrera egiten gai garrantzitsuetan", lan-baldintzen hobekuntzan esaterako, baina beraiek egindako zenbait proposamen barneratzea txalotu dute.
PPk gobernatutako erkidegoak "harrituta" geratu dira 20 neurriko gehigarriarekin. Hala ere, Espainiako hezkuntza hobetzeko "aukera historiko" baten aurrean gaudela gogorarazi dute.