Gizartea -

Kalte-ordaina

Osakidetzak 100.000 euro ordaindu beharko dizkio gaixo baten familiari

Gurutzetako Ospitalean hil zen gaixo bati emandako tratamenduan kale egin zuela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak 100.000 euroko kalte-ordaina pagatzera zigortu du Osakidetza, Gurutzetako Ospitalean zendu zen gaixo bati tratamendu desegokia emateagatik.

Gaixoaren Defendatzaileak, auzia EAEko Auzitegi Nagusira eraman zuenak, eman du epaiaren berri. D.V.M.G 79 urteko herritar baten heriotzagatik Gasteizko epaitegi batek emandako epaia zuzentzera dator beste hau.

Erakundeak ohar batean azaldu duenez, gizonak 2010eko ekainean Gurutzetako Ospitaleko Larrialdi zerbitzuetara jo zuen. Behazun-kolikoa diagnostikatu eta senda-agiria eman zioten.

Handik hilabetera, behazun-harriak zituela eta, ospitalera joan zen berriro. Behazun-hodia ikusteko endoskopia egin zioten, baina ez zioten aurrez profilaxi antibiotikorik eman, "osasun irizpide orokorrak" hala ezarrita badu ere.

Proba egin ostean, infekzioa izan zuen gaixoak, eta "behazuneko shock septiko baten ondorioz hil zen".

Antibiotikoa ez ematea hutsegite medikoa dela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, eta hildakoaren senitartekoei kalte-ordaina pagatzera zigortu du Osakidetza. Dena den, zenbatekoa ez da gaixoaren familiaren abokatuak eskatutakoa, baizik eta "Aseguruaren Kontratu Legearen gehigarriak ezarritako baremoaren" araberakoa. 2010ean, gaixoa hil zen urtean, indarrean zegoena ezarri diote.

Gaixoaren Defendatzailearen arabera, hildakoaren familiak 100.000 euro jasoko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaurko albisteak Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak