Gizartea -
Segurtasuna Bilbon
Herritarrei taldeka patruilan ibiltzen uztea salatu du PLESek
Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Sindikatuak Udaltzaingoaren Zuzendaritzak "Pichien klana" izenarekin ezagutzen den familiarekin dagoen auziari aurre egiteko duen "ezintasuna" salatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Udaleko Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Sindikatuak (PLES) Udaltzaingoaren Zuzendaritzak "Pichien klana" izenarekin ezagutzen den familiarekin dagoen auziari aurre egiteko duen "ezintasuna" salatu du, eta "Mendebalde Urrunean bezala" herritarrei taldeka patruilan ibiltzen uztea.
Santutxuko familia gatazkatsu baten arazoa konpontzeko Bilboko Udalaren jokabidea salatu du prentsa ohar bidez sindikatuak. Horren arabera, Santutxun lapurreta eta istilu ugari sortzen duen familia da, eta horri aurre egiteko gaueko segurtasun patruilak antolatu dituzte auzotarrek.
Sindikatuaren iritziz, "onartezina da Bilboko auzo batean talde horien eraketa baimentzea edo onartzea erakunde publikoek, Mendebalde Urruna bailitzan, indartsuenaren legea nagusi izatearen arriskuarekin".
Sindikatuak salatu du halaber, "administrazio publikoaren inplikazio eta Udaltzaingoaren arduradun politikoen erantzukizun eza, Pichien arazoa konpontzeko".
Ildo horretan, Bilbon gaizki aparkatuak dauden ibilgailuei isunak jartzeko kameradun patruila-kotxe berria erosteko bide material eta ekonomikoak izatea salatu dute, baina Santutxun, gune gatazkatsu eta zehatz batean, segurtasuna eta auzotarren bizikidetza bermatzeko bideokamerak jartzeko dirurik ez izatea kritikatu dute.