Gizartea -
LOMCE
Batxilergoko azterketa berria, 'selektibitatearen oso antzekoa'
Azkenean, ez da test moduko azterketa izango, LOMCE legearen hasierako zirriborroan Espainiako Gobernuak jasota zuen bezala.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
LOMCE legeak ezartzen duen Batxilergoko azterketa berria "selektibitatearen oso antzekoa" izango da, eta ez da test moduko proba izango. Hala jakinarazi dute Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak eta Segundo Piriz CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarreko presidenteak, goizean hedabideen aurrean egin duten agerraldian.
Datorren ikasturtean hasiko dira azterketa berria egiten, eta Espainiako Estatuko unibertsitateetara sartzeko balioko du. Ministroaren arabera, 2017ko ekainean 400.000 ikaslek egingo dute proba.
Erkidegoek "laster" izango dute Errege Dekretuaren proiektuaren zirriborroa, ministroak jakinarazi duenez. Ildo horretan, errektoreekin lortutako "akordioa" nabarmendu du, Hezkuntzako sektore-batzarraren barnean.
Mendez de Vigoren esanetan, proba berriaren ezaugarriak adostu dira, eta Hezkuntza Ministerioak zehaztuko ditu araudia, ezagugarriak, diseinua eta probaren edukiak (enborreko irakasgaiak, bi hautazko eta berariazko bat); erkidegoei, berriz, azterketak, galderak edo datak garatzea egokituko zaie.
Bi ikasturteen notaren % 60ri gehituko zaio LOMCEk ezartzen duen proba berriaren emaitzaren gainerako % 40a.