Gizartea -

Istiluak

Bost identifikatu eta 15 zauritu, Leioako EHUn izandako istiluetan

Unibertsitateak hainbat ikasleri egindako "erasoak" salatzeko manifestazioaren ostean, manifestarietako batzuek behera bota dute Errektoretzaren egoitzako atea.

Istiluak Leioako EHUn

0:49

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost lagun identifikatu dituzte gaur arratsaldean EHUk Leioan duen kanpusean, Errektoretzaren egoitzan indarrez sartzea leporatuta, unibertsitateak eta Ertzaintzak jakitera eman dutenez, eta Ertzaintzak eta bertako segurtasun pribatuak 15 manifestari zauritu dituela jakinarazi dute Ikasle Abertzaleek.

12:30 aldera izan dira istiluak, Ikasle Abertzaleek deituta "Erasorik ez" lelopean egin duten manifestazioaren ostean. LOMCEren kontrako protestetan izandako istiluengatik unibertsitateak hainbat ikasleren kontra ustez hartu dituen neurriak salatzeko egin dute manifestazioa.

Manifestarietako batzuk Errektoretzaren egoitzara joan dira eta borra batekin txikitu egin dute sarrerako atea, eta segurtasun zaintzaile bati ere jo omen diote. Segurtasuneko langilea osasun zentro batera eraman dute zauriak artatzeko, EHUren arabera.

Gazteak egoitzaren behealdean sartu dira, eta hori ikusita, EHUren arduradunek Ertzaintzari eman diote abisua.

Hiru furgoneta bertaratu dira eta gazteak bertatik atera dituzte. Ertzainek bost lagun identifikatu dituzte atea botatzea leporatuta, EHUk azaldu duenez.

Segurtasun Sailetik esan dute bost identifikatuetako lau ikertu gisa geratuko direla.

Ikasle abertzaleen salaketa

Ikasle Abertzaleek salatu dute EHUk "errepresioa hautatu" duela eta, aldarrikapenen aurrean, manifestazioan parte hartu duten ikasleak "jipoitu eta inputatu" dituela.

Sindikatuak azaldu duenez, gaurko protestarekin bost eskaera egin nahi zizkioten EHUri: "San Mameseko ikasleen aurkako espedienteak bertan behera uztea, Gasteizko ikasleen kontrako neurriak errefusatzea, Leioan inputatutako ikasleen egoerari irtenbidea ematea, Ertzaintza EHUn sekula sar ez dadin neurriak hartzea, eta kanpusean dauden indar polizialak kanporatzea".

Ikasleen sindikatuak azaldu duenez, "manifestazioa Errektoretzan sartzera zihoanean, kanpuseko segurtasun pribatuak ikasleak kolpatu ditu eta EHUk Ertzaintzari sartzeko agindua eman dio". "Poliziaren jarrera oldarkorra izan da, kanpuseko ikasleak kolpatzen eta inputatzen. Gutxienez 15 dira zaurituak, eta bost inputatuak", gaineratu du.

Bestalde, Ikasle Abertzaleek elkarretaratzea deitu dute gaurko, 19:30ean, Bilboko Unamuno plazan, eta manifestazioa bihar, 10:50ean, Leioako Mikel Laboa plazatik abiatuta.

Gaitzespena

EHUk agiri bat kaleratu du "indarkeriazko jarduerak" gaitzesteko eta, adierazpen askatasunaren defentsa berretsi ostean, "Errektoretzak oinarrizko eskubideak, askatasun publikoak eta segurtasuna bermatuko" dituela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak EHU albisteak EAE albisteak Leioa albisteak Gaurko azken ordukoa