Gizartea -
Greba mugagabea
Forondako aireportuko grebak ez du hegaldietan eraginik izan
Forondako aireportuko greba mugagabearen lehen egunak ez du gaueko hegaldiengan eraginik izan. Bestalde, enpresa-batzordeak zerbitzu minimoak salatu ditu, gehiegizkoak direla iritzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Forondako aireportuko langileek greba mugagabea hasi dute gaur, zuzendaritzak urte osoan zehar bidaiariak izateko bideragarritasun-plana negoziatzeari uko egin ostean.
Grebak eguneko hegaldiei bakarrik eragingo die. Aireportuaren ohiko ordutegia 20:30etik hurrengo eguneko 08:30 arte izaten da. Hori dela eta, grebak ez du eraginik izan gaueko hegaldi horietan.
Arratsaldean aurreikusita dagoen hegaldi bakarra Tenerifera doan Insersorena da, baina ez du arazorik izango abiatzeko Sustapen Ministerioak prestatutako zerbitzu minimoek hegaldi horien irteera bermatzen dutelako, iturri sindikalek jakitera eman dutenez.
Ildo horretan, enpresa-batzordeak zerbitzu minimo horiek salatu dituzte, gehiegizkoak direla argudiatuta; izan ere, langile ia guztiei eragiten baitie.
Egunean zehar Foronda irekita izateko Aenak kontratatu berri dituen 22 langileek abiatu dute greba. Ekainera bitartean Kanarietara eta Balear Uharteetara doazen hegaldietarako eta San Prudentzioko zubian Lisboara eta Moskura doazen charter hegaldietarako egin ditu Aenak kontratazio horiek.
Litekeena da grebak ohiko ordutegitik kanpoko hegaldietan eragina izatea, baina ez DHL enpresako zama-lanetan, ohiko ordutegian egiten baitira.