Gizartea -

Eusko Legebiltzarra

Argi berdea eman diote 112ren erabilera okerra zigortzen duen legeari

600.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu. EH Bildu abstenitu egin da hein handi batean, Itsas Salbamenduarekin ahaztu direlako "beste behin ere".

112ren deiak jasotzeko zentroa. Argazkia: EiTB
112ren deiak jasotzeko zentroa.
112ren deiak jasotzeko zentroa. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Babes zibilaren alorrean administrazioaren baliabideen eskuhartzea martxan jartzen duten dei faltsuengatik 600.000 euro arteko isunak jarri ahal izango dituzte EAEn, eta 30.000 euro artekoak 112ra gehiegizko deiak edo iraingarriak egiteagatik.

Eusko Legebiltzarrak 1996tik indarrean dagoen Larrialdien Kudeaketarako Legearen erreforma onartu du gaur, eta, berrikuntzen artean, larrialdien eta babes zibilaren alorrean arau hausteak egiten dituztenentzako isunen zerrenda sartu dute.

EAEko Larrialdi eta Babes Zibil sistema "berrituko" duen testu horrek alderdi guztien babesa jaso du, baina EH Bilduk abstentzioa eman du hein handi batean, araua hobetzeko aukera bat galdu dutelako eta Itsas Salbamenduarekin ahaztu direlako "beste behin ere".

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak esan du gaur onartutako erreforma "albiste ona" dela, hobekuntza tekniko handiak dituelako eta bere garaian aitzindari izan zen legea berritzen duelako.

Hala, ohiko larrialdien eta hondamendien kudeaketa sistema bakarrean uztartu dute. Pertsonalaren trebakuntza ere indartzen omen du, eta alerten sarea arautu eta meteorologia zerbitzua babes zibilarekin lotzen du.

Gainera, arriskua eragin dezaketen enpresei autobabeserako egitasmo bat exijituko zaie, eta Larrialdien Koordinaziorako Zentroen egitekoak eguneratu dira.

Larrialdietan parte hartzen duten langileei eta laguntzen duten herritarrei aitortza egiteko bideak irekitzen dira.

Isunak

Legearen erreformak isunak ere aurreikusten ditu, oso larrietatik hasi eta arinetara, 150 eurotik 600.000ra.

Hala, 112 telefonoaren erabilera okerra zigortuko da, eta oso arau hauste larritzat joko da babes zibileko baliabideak mobilizatzea suposatzen duen dei faltsua.

Oso arau hauste larria izango da, era berean, babes zibilaren eremuan dauden ekitaldietarako edo zentroetarako ardura zibileko asegururik ez izatea.

Arau hauste larrien artean egongo dira gehiegizko deiak, iraingarriak edo mehatxuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra EAE albisteak Gaurko azken orduko albistea 112 SOS Deiak