Gizartea -
martxoaren 17ko greba
Arabako campuseko kalteak 75.000 eurokoak izan zirela zehaztu du EHUk
LOMCEren aurka Ikasle Abertzaleak sindituak deitutako borroka egunean egin zituzten kalteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Martxoaren 17an Ikasle Abertzaleak sindikatuak LOMCEren aurka deitutako borroka egunak 75.000 euroko kalte materialak utzi zituen Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Arabako campusean.
Iñaki Goirizelaia errektoreak kalteen balantzea egin du gaur, unibertsitatearen Gobernu Kontseiluan.
Goirizelaiak gaitzetsi egin du egun hartan ikusitako indarkeria, eta "pertsona eta elkarte guztiek manifestazioak egiteko eskubidea" dutela aldarrikatu du, baina "pertsonen aurka indarkeria erabiltzearen eta euskal gizartearen ondasunetan kalteak egitearen" aurka agertu da.
"Kritika eta desadostasuna balio funtsezkoak dira gure erakundean, baina ekintza bortitzak unibertsitatearen izpirituaren aurkakoak dira", nabarmendu du.