Gizartea -
2015eko urtarrilean
Malagan atxilotu dute, Parisko atentatuetarako armak saltzea egotzita
Antoine Denive du izena, eta arma-trafikatzaile frantziarra da. Atxilotzeko eta entregatzeko agindua zeukan bere gain eta Eloy Velascok espetxean sartzeko agindua eman du.
Agentziak | erredakzioa
Poliziak gizon bat atxilotu du Rincon de la Victorian (Malaga), Amedy Coulibaly 2015ean, Parisen, bost pertsona hil zituen terroristari armak saldu zizkiolakoan, terrorismoaren aurkako iturriek Eferi jakinarazi diotenez.
Antoine Denive Frantziako arma-trafikatzailea da, Sainte Catherinen jaioa orain dela 27 urte. Frantziak atxilotzeko eta entregatzeko agindu europarra zabaldu zuen, Barne Ministerioak zehaztu duenaren arabera.
Frantzian egindako ikerketen ondorioz, segurtasun indarrek uste dute Denivek Frantziatik alde egin zuela Parisko atentatuak eta gero, Poliziarengandik ihes egiteko.
Denive beste bi pertsonekin zegoen atxilotu duten unean, serbiar bat eta montenegroar bat, eta horiek biak ere atxiki dituzte. Malagan jarduten zen agiri faltsuekin, Frantziatik alde egin eta gero.
Segurtasun indarren iritzian, Denivek armak saldu zizkion Amedy Coulibalyri. Azken hori tiroz hil zuten, udaltzaingo bat eta lau pertsona hil eta gero, Parisko supermerkatu judu batean.
Hain justu, Espainiako segurtasun indarrek konprobatu zuten terroristak Espainia bisitatu zuela, gutxienez urtarrilaren 2an, emazteari eta beste bi senideei Madrilgo aireporturaino laguntzeko, Istanbulerako hegaldi bat har zezaten.
Ikertzaileen arabera, Denive Serbiako pertsonekin harremanetan zegoen eta baliteke horiek armak eta munizioa saldu izana.
Poliziak egindako miaketan, bere etxebizitzan, atxilotuak erabili ohi zituen agiri faltsuak, pasaporte europar bat (beste pertsona batena) eta hainbat gailu informatiko atzeman dizkiote.
Espainiaren eta Frantziaren arteko kooperazioa Lilleko Lehen Auzialdiko Epaitegiaren eta Torremolinoseko 4 zenbakiko Instrukzio Epaitegiaren artean burutu da, Europako Laguntza Judizialaren Prozeduraren baitan.
Espetxeratzeko agindua
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak atxilotua kartzelan sartzeko agindua eman du. Denivek onartu egin du Frantziara eramatea.
Frantziak emandako atxilotzeko eta entregatzeko aginduaren prozesua burutzen den bitartean hartu du erabakia epaileak, gaur auzitegian izan ostean. Akusatuak ukatu egin du jihadistei armak saldu izana eta onartu egin du Frantziara eraman dezaten.