Gizartea -

Heriotzaren korridorean

Pablo Ibarren familiak 600.000 dolar behar ditu auziarekin jarraitzeko

EAEko erakundeekin bilduko dira babesa eskatzeko, eta herritarrek ere dohaintzak egin ahalko dituzte.

Pablo Ibar, aitarekin batera. Argazkia: pabloibar.com
600.000 dolar behar dituzte epaiketa berria egiteko

1:32

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ibar AEBko heriotzaren korridorean dagoen euskal jatorriko presoaren sendiak dirutza behar du behar bezalako defentsa ziurtatuko dioten abokatuak ordaintzeko: 1,3 milioi dolar (milioi bat euro pasatxo). Erdia bilduta du familiak, baina beste erdia falta zaio oraindik (600.000 dolar inguru). Hain justu, laguntza eskatzeko prentsaurrekoa eman du gaur Candido Ibar Floridan hazitako gaztearen aitak eta Andres Krakenberger Pablo Ibar elkarteko presidenteak.

Floridako Gorenak joan den otsailean baliogabetu zuen Ibarren heriotza-zigorra eta epaiketa berriro egitea agindu zuen. "Froga fisikorik" ez zegoela argudiatu zuten zazpi epaileetatik lauk. Floridako Estatuak helegitea aurkeztu zuen erabakiaren kontra, eta horren zain dago orain familia. Ebazpena Ibarren aldekoa bada, abokatuei ordaintzeko beste 637.000 dolar behar dituzte.

Izan ere, guztira, 1,3 milioi dolar behar dituzte "defentsa eraginkorra" ordaintzeko. Urte hauetan Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuak emandako diru-laguntzei esker, dirutza horren erdia (662.894 dolar) bildu dute familiak eta Pablo Ibar elkarteak.

Falta den dirua biltzeko denbora gutxi dute, abokatuen hitzetan, lau hilabeteren buruan jakingo baitute epaiketa errepikatuko den edo ez.

1,1 milioi, abokatuentzat

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Ibarren defentsaz arduratuko diren abokatuek "eskarmentua eta ospea" duten arren, "neurrizko" tarifak dituzte. Dena dela, "familia baten aurrekontuetatik urrun dagoen dirutza" behar da pagatzeko: 1,1 milioi dolar. Gainerako 200.000 dolarrak falta diren frogak ordaintzeko behar dituzte.

Candido Ibarren esanetan, Ibarren heriotza-zigorraren kontra aurkeztutako hiru helegiteengatik 800.000 dolar ordaindu dituzte jada.

"Defentsa eraginkorra" ordaintzeko falta diren ia 640.000 dolarrak biltzeko EAEko erakunde nagusiekin (Jaurlaritza, Legebiltzarra, foru aldundiak eta udalak) bilduko dira Pablo Ibarren aldekoak. Gero, Estatuko beste erakundeengana joko dute.

Auzian lagundu nahi duten herritarrek pabloibar.com webgunean dute informazio guztia.

Espetxe arrunt batera eramango lukete

Heriotza-zigorraren baliogabetzea baieztatuko balitz, heriotzaren korridoretik aterako litzateke Ibar, eta espetxe arrunt batera eramango lukete. Zigortua izatetik, akusatu izatera pasatuko litzateke. "1994ra itzuliko ginateke", laburbildu du Krakenbergerrek.

Eguneroko bizimodua dezente hobetuko lukeen arren, familiarekin duen harremana kaskartu egingo litzateke, bisitak pantaila bidez egiten direlako, ez aurrez aurre.

Candido Ibarrek azaldu duenez, semea "oso ondo dago, fisikoki zein burutik", baina "kezka" kendu ezinda dabil, Gorenaren erabakia ezagutu zuenetik "animatuago" dagoen arren.

"Pablo kartzelatik irten arte borrokan jarraituko dugu. Lortuko dugu", esan du aitak hunkituta.

Ibarrek 22 urte daramatza kartzelan, horietako 15, heriotzaren korridorean. 1994an hiru pertsona hiltzeagatik zigortu zuten: taberna bateko jabea eta bi modelo. Ibarrek beti esan du errugabea dela.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak EAE Pablo Ibar auzia Gizartea Albisteak