Gizartea -

Breaktrough Starshot

Izarrak, gertuago

Stephen Hawkingek unibertsoa esploratzeko proiektua aurkeztu du. Espazio-zunda berri batekin Lurretik hurbilen dagoen izar sistemara (Alfa Centauri) heltzea posible dela agindu du zientzialariak.

Stephen Hawking astrofisikaria 'Breakthrough Starshot' egitasmoaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Stephen Hawking astrofisikaria 'Breakthrough Starshot' egitasmoaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Stephen Hawking astrofisikaria 'Breakthrough Starshot' egitasmoaren aurkezpenean. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Stephen Hawking astrofisikariak unibertsoa esploratzeko proiektu bat aurkeztu du New Yorken. Espazio-zunda berri batekin Lurretik hurbilen dagoen izar sistemara (Alfa Centauri) heltzea posible dela agindu du zientzialariak.

“Espezie bezala bizirauteko, epe luzean izarretara zabaldu beharra dugu, eta gizakiak kosmosean emango duen hurrengo aurrerapauso handiarekin konpromisoa hartu dugu gaur”, adierazi du Hawkingek New Yorkeko etxe orratz garaienetako batean.

Breaktrough Starshot egitasmoak Lightsail material oso arin eta mehea erabiliko du. Espazio-zundak Lurretik jaurtitako laser-izpi batekin bultzatu eta gertuen dauden izarretara 20 bat urtetan helduko lirateke.

Yuri Milner Errusiako filantropo izugarri aberatsak plana finantzatuko du. Mikrotxip baten tamainako zundak, teorikoki, “argiaren abiaduraren % 20 harrapatuko luke”, Milnerrek aurkezpenean azaldu duenez.

“Ideia bat egiteko, zunda auto bat autobidetik baino milioi bat azkarrago joango litzateke”, esan du Milnerrek. Asmo handiko proiektua Hawkingekin eta beste zientzialari batzuekin batera aurkeztu du filantropo aberatsak.

Espazio-zundak kamerak eta sentsoreak eramango ditu, “Unibertsoan bizitza zantzuak bilatzeko” eta informazioa Lurrera bidaltzeko.

‘Bakarrik 20 urte’

Alfa Centauri izar sistema Lurretik 4,37 argi-urtera dago. Egungo espazio-ontzi azkarrenak 30.000 urte beharko lituzke bertara heltzeko. Gaur aurkeztutako espazio-zunda arinak, ostera, mila aldiz azkarrago hegan egin dezake eta bidaia 20 urtera murriztu.

Oraingoz, egitasmoak ez du abiatzeko datarik, baina 100 bat milioi dolarreko aurrekontu bat beharrezkoa izango dela iragarri dute zientzialariek. Milnerren hitzetan, planak arrakasta baldin badu, “espazioa esploratzeko modu berri bat” erakutsiko luke.

“Belaunaldi” baterako ekimen handia dela erantsi du Hawkingek, baina espazioan bizitza adimenduna aurkitzeko aukerak “gutxi” direla onartu du. Hala ere, “esfortzuak merezi” duela ziurtatu du astrofisikariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
New York albisteak Zientzia albisteak