Gizartea -
Segurtasun neurriengatik
Athleticek 13.500 euro ordaindu beharko dizkio Ertzaintzari
Athleticen eta Olympique Marseillaren arteko norgehiagoka arrisku handikotzat jo zutela eta, Ertzaintzak segurtasun neurri bereziak hartu zituen. Istiluak izan ziren partida jokatu aurretik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Athleticek 13.513 euro ordaindu beharko dizkio Ertzaintzari, talde zurigorriak Olympique Marseillaren aurka jokatu zuen partidan hartu behar izan zituen segurtasun neurri bereziengatik.
Norgehiagoka otsailaren 25ean izan zen. Partida arrisku handikotzat jo zuten eta arratsaldean istiluak izan ziren Bilboko hirigunean bi taldeetako zaleen artean.
Lehendabiziko aldia da, Ikuskizun Publikoetako Lege berriaren baitan, entitate pribatu batek Ertzaintzari zerbitzu bereziengatik ordaindu behar izatea.
Europa Ligako partida jokatu aurretik, Olympiqueko bost zale atxilotu zituzten, beste batek buruan zauria egin zuen botila batek jota eta bi ertzain ere zauritu ziren.
Horrez gain, Athleticeko bederatzi jarraitzaileren aurka 3.500 euroko isunak eta 12 hilabetez kirol estadioetan sartzeko debekua eskatu dituzte. Burdinazko barrak eta beste zenbait objektu handi antzeman zizkieten.