Gizartea -

Hezkuntza

Azken bi ikasturteetako beken kontrako errekurtsoa jarri du Espainiak

Epaitegiek arrazoia eman diote Madrili 2014/2015 ikasturteko beken aurkako helegitean, eta Jaurlaritzak Gorenera joko du. Laguntzak ez dira bueltatu beharko.

Legebiltzarrean egin du iragarpena Uriarte sailburuak. EiTB
Bi ikasturtetako bekak errekurritu ditu Ministerioak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014/2015 eta 2015/2016 ikasturteetan Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan emandako beken kontrako auzi-errekurtsoa jarri du Espainiako Gobernuak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak salatu duenez. Estatu osoko beka-sistema bateratu nahi omen du Madrilek, eta horregatik jarri du helegitea.

Jone Berriozabal EAJko legebiltzarkideak egindako galdera baten harira egin du iragarpena Uriartek, Legebiltzarrean gaur egiten ari diren kontrolerako saioan.

Gorenera joko du Jaurlaritzak

Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko iturrien arabera, helegite honek ez du euskal beken sistema bertan behera uzten, eta familiek ez dituzte inondik inora jasotako laguntzak itzuli beharko.

1986tik kudeatzen ditu Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-bekak, Hezkuntza arloko eskuduntza duenetik alegia, eta ordutik ez du aparteko aldaketarik egin.

Auzibide luzea dago aurretik. Izan ere, 2014/2015 ikasturteko bekei dagokion errekurtsoa aztertu dute, eta epaitegiek arrazoia eman diote Espainiako Gobernuari. Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. 

Eskola escuela curso escolar Gasteiz umeak. EFE

2014/2015 ikasturtean 54,3 milioi euro bideratu zituen Jaurlaritzak hezkuntzako beketara. Argazkia: EFE

Eskuduntzen defentsa

"Irakaskuntza zerbitzuak transferitu zirenetik, 30 urte pasatu ondoren, Estatuko Administrazioa gure laguntza sistema eratzearen kontra agertu da lehen aldiz", salatu du Uriarte sailburuak Legebiltzarrean.

Hezkuntza arduradunaren ustez, "guztiz onartezina" da Madrilen jarrera, eta horren aurrean euskal eskuduntzak "irmoki" defendituko ditu Jaurlaritzak. Beka-sistemak berdintasuna bermatzen du hezkuntza alorrean, horren esanetan, eta, beraz, "erabateko lehentasuna" du Jaurlaritzarentzat. Egoera ekonomikoa "zaila" izanda ere, beka bidez emateko bideratutako dirutza mantentzearen aldeko apustua egin dutela azpimarratu du Hezkuntza sailburuak. Haren hitzetan, 2014/2015 ikasturtean ikasleen % 34,26k zuen bekaren bat. 2012/2013 eta 2014/2015 ikasturteetan handitu egin zuten bekei bideratutako diru partida (50,2 milioi eurotik 54,3 milioira), eta, horri esker, 123.702 laguntza eman zituen Jaurlaritzak eskola-materiala erosteko eta 61.284, jantokia ordaintzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Espainia argazkiak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea