Gizartea -

Eusko Legebiltzarra

Estadioetan eta frontoietan erretzea debekatzen duen legea onartu dute

Lege berriak debekatuko du gune itxi eta erdi itxi guztietan, hau da, estadioetan, frontoietan eta zezen plazetan bezalako tokietan, erretzea.

Estadioetan eta frontoietan erretzea debekatzen du legeak. EiTB.
Estadioetan eta frontoietan erretzea debekatzen du legeak. EiTB.
Estadioetan eta frontoietan erretzea debekatzen duen legea onartu dute

1:39

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Futbol estadioetan eta frontoietan erretzea eta alkohol edariak saltzea debekatzen duen Mendekotasunen Legea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Halaber, onartutako lege horren arabera, zigarro elektronikoen erabilpena ere debekatua egongo da, erretzea debekatuta dagoen tokietan.

Legebiltzarreko alderdi guztiek bozkatu dute Mendekotasun eta Drogomendekotasun Legearen alde, UPyD izan ezik, abstenitu egin dela. Jon Darpon Osasun sailburuaren hitzetan, lege honen helburua, osasuna zaintzen jarraitzea da batez ere, adingabeena, eta "zail eta aldakor" den auzi bati modu "eraginez" erantzuna ematea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ostean sartuko da indarrean lege berria, eta gune itxi eta erdi itxi guztietan, publiko zein pribatuetan, erretzea debekatua egongo da. Besteak beste, ezin izango da erre estadioetan, frontoietan edo zezen plazetan.

Gune erdi itxitzat jotzen dira lokal itxi baten kanpoaldean kokatutako eremu guztiak, baldin eta haien teilatuek edo hormek azaleraren %50 baino gehiago estaltzen badute eta eremuak etengabe aireztatuak ez badaude kea era naturalean ezabaltzen dela bermatzen duen kanpoko airearen bidez.

Hala ere, legeak elkarte gastronomikoetan erretzeko aukera emango du, bazkideen gehiengoak horrela erabakitzen badu eta adingabeak ez badaude.

Zigarro elektronikoari dagokionez, bestelako tabakoaren tratamendu bera izango du. Ondorioz, Euskadin ezin izango da zigarro elektronikoa toki itxi edo erdi itxietan erabili; besteak beste, taberna eta jatetxeetan.

Kalean alkohola edatea, bai

Lege berriak  ez du debekatuko, ordea, kalean alkoholdun edariak edatea, Eusko Jaurlaritzaren 2014ko proiektuak eskatzen zuen bezala. Beraz, herri bakoitzeko udalek arautuko dute puntu hori orain arte bezala. Hala ere, alkohol edarien salmenta debekatua egongo da kirol lehiaketak egiten diren tokietan. Kirol esparru horietan egiten diren kontzertuetan, ordea, bai saldu izan ahalko da alkohola.

Kalamua klubak, bestalde, legezkoak izango dira, baina etorkizunerako utzi dute horien araudiaren garapena. Halaber, edarien eta tabakoaren publizitatea arautzen du testu berriak.

Legeak, halaber, zigorrak aurreikusten ditu: 600 euroko isuna arau-hauste arinengatik eta 600.000 euro oso larriengatik, eta zentro, toki edo enpresaren aldi baterako, erabateko edo alde bateko itxiera, bi eta bost urteren artean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Eguneko albisteak