Gizartea -
'Panamako Paperak'
Realak 'Panamako paperez': 'Zerga egoera 2009an erregularizatu genuen'
Talde txuri-urdinak ohar batean adierazi duenez, ordudanik bere zerga betebehar guztiak betetzen ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Zazpi jokalariri 'offshore' konpainien bidez ordaindu ziela zabaldu duten informazioen harira oharra bidali du gaur Realak. Agirian adierazi duenez, bere zerga egoera 2008/2009 aldian Gipuzkoako Ogasunak egindako azterketa baten ondorioz "erregularizatu" zuen, eta ordudanik, bere zerga betebeharrak betetzen dituela azpimarratu du.
Hainbat egunkarik 'Panamako paperekin' nahastu dute talde gipuzkoarra eta eskandaluaren berri izan eta lau egunera atera du oharra Realak.
"Realak bere egoera erregularizatu zuen aipatutako zerga azterketaren ondorioz. 2009az geroztik, Reala bere zerga betebeharrak betetzen ari da, baita aipatu azterketaren ondorioz ordaintzeko sortutako betebeharrak ere", irakur daiteke agirian.
Talde txuri-urdinak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin "lankidetzan jarduteko nahi erabateko eta etengabea" duela berretsi du agirian.
Azkenik, deitoratu du 2009an gertatutako eta "jada konpondutako" gaien inguruko informazioetan nahasita egon izana.
Oharra Gipuzkoako Foru Ogasunak apirilaren 6ko data duen agiri batekin bukatu du Realak. Bertan bere zerga betebeharrak betetzen dituela frogatzen du taldeak.