Gizartea -

Diputatuen Kongresua

LOMCE legea gelditzeko prozesua abiaraztea onartu du Kongresuak

Alderdi Sozialistaren ekimenak Podemos, Compromis, ERC, DiL, EAJ, EH Bildu eta IUren babesa jaso du.

PPren bakartasuna agerian geratu da LOMCE baliogabetzeko Osoko Bilkuran

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak onartu egin du LOMCE legea ezartzeko prozesua gelditzeko Alderdi Sozialistak egindako proposamena, 186 botorekin. PSOSren ekimena ondoko taldeek babestu dute: Podemos, Compromis, ERC, DiL, EAJ, EH Bildu eta IU.

Alderdi Popularrak eta Foro Asturiasek kontra bozkatu dute. Ciudadanosek, Coalicion Canariak eta UPNk, berriz, abstentzioaren alde egin dute.

Lege-proposamena tramitera onartuta, zuzenketak aurkezteko epea irekiko da eta talde bakoitzak bere ekarpenak egin beharko ditu. Taldeek eskatuta edo Kongresuko Mahaiak adostuta, epe hori luzatu egin daiteke. Kongresuko Mahaian PPk eta Ciudadanosek dute gehiengo absolutua.

Testu berria eta taldeen zuzenketak lan-taldeetan eta batzordeetan eztabaidatuko dituzte, Diputatuen Kongresura itzuli aurretik. Kongresutik Senatura bidaliko dute testua eta prozesua berriro errepikatuko dute. Senatuan Alderdi Popularrak gehiengo absolutua dauka.

Hala ere, hauteskundeak errepikatu behar badira, gorteak maiatzaren 3an desegingo dituzte eta, ondorioz, erreformarako tramitazioa guztia ezerezean geratuko litzateke.

Eztabaida

Bozketan aurretik egindako eztabaidan, Rafael Simancas PSOEko diputatuak esan du LOMCE legea gelditzea behin betiko baliogabetzerako “urratsa” dela. Arau berri bat adostea ezinbestekotzat jo du, “egonkorra eta iraunkorra” izango dena.

Hala ere, akordio sozial eta politiko handi hori erdiestea zaila izango dela iragarri du, Alderdi Popularraren eta PSOEren artean “ezberdintasun ideologikoak nabarmenak” direlako.

Sandra Moneo PPko diputatuak, berriz, PSOEren jarrera deitoratu du, “hezkuntza liskar politikorako erabiltzeagatik”.

“Sozialistek ezin dute leziorik eman errespetu demokratikoaz edo akordioa bilatzeaz”, erantsi du. Alderdi Popularreko ordezkariak esan du ez dutela onartuko “iraganeko hezkuntza sistemetara itzultzea”.

Ione Belarrak (Podemos) esan du gaurko ekimena “lehen pausoa” dela “hezkuntza gutxi batzuentzako negozio bilakatu nahi duen legea bere osotasunean eta berehala baliogabetzeko”.

Antonio Postiusen (DiL) iritzian, LOMCE legea autonomien kontrako iraina da, erkidegoen eskumenei eta hizkuntza aniztasunari eraso egiteagatik.

Joseba Agirretxeak (EAJ) aipatu arauaren kontrako botoa iragarri du eta talde jeltzaleak hezkuntza lege “zentralizatzailerik” onartuko ez duela azpimarratu du.

Antonio Roldan (Ciudadanos) “alderdi zaharrei” zuzendu zaie, “hezkuntzaren inguruko liskar politikoak” alboratzeko eskatuz. “Gelditzeak, baliogabetzeak edo atzera egiteak ez du balio”, nabarmendu du. Ciudadanoseko diputatuak hitzarmen berri bat adosteko negoziazioa hastea proposatu du.

Joan  Olorizen (ERC) aburuz, Alderdi Sozialistaren proposamena “ez da nahikoa, lotsagarria da”. “LOMCE legea orain eta hemen baliogabetzeko gehiengo egon badago”, gogoratu du.

Talde mistoa

Onintza Enbeitak (EH Bildu) esan du legea gelditzeko erabakia urrats garrantzitsua dela, baldin eta erabateko baliogabetzea ekarriko badu.

Marta Sorlik (Compromis) ere legea indargabetzearen alde egin du, gelditzea nahikoa ez delakoan.

Sol Sanchezek (IU) LOMCE araua baliogabetzea eta hezkuntzarako itun berri bat adostea eskatu du.

Carlos Salvadorren (UPN) iritzian, berriz, Alderdi Sozialistaren proposamenak “ez du egoerak eskatzen duen maila ematen, Estatu ikuspuntutik zentzugabea da eta ez dauka etorkizunerako ikuspegirik”.

Isidro Martinezek (Foro Asturias) uste du legea geldiaraztea “astakeria” dela eta ikasleak babesik gabe uztea ekarriko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika Hezkuntza Lege Berria albisteak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza sistemako albisteak