Gizartea -
Abiadura Handiko Trena
Oregik 'pausoak' eskatu ditu AHTaren lanetan aurrera egiteko
Bergarako korapiloko lanak oraindik hasi ez izana ez dela onargarria salatu du sailburuak.
agentziak | erredakzioa
Ana Oregi Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) hiriburuetako sarbideak "duinak eta behin betikoak" izatea eskatu du, eta "pausoak" eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, lanekin jarraitzeko erabakiak har ditzan, "geldirik" ez egoteko.
Forum Europa-Tribuna Euskadik antolatutako informazio gosarian azaldu duenez, Espainiako Gobernuak lanak 2019an amaitzeko egutegiari eusten dio, Ana Pastor Sustapen Ministerioko jarduneko buruak horixe hitzeman baitzuen, baina lanak ez dituzte martxan jarri Bergarako korapiloan.
Horren harira, egutegia betetzea lehen zaila bazen, orain are zailagoa izango dela uste du, urtebete baino gehiago igaro delako ordutik.
Oregik esan du ez dela "data gerra" batean sartuko, eta benetan interesatzen zaiona "pausoak ematen jarraitzea" dela, "geldirik ez egotea". Era berean, Bergarako korapiloko lanak hasteko "zailtasunak" badaude, "beharrezko neurriak" hartzeko eskatu du, ez delako onargarria, bere ustez, "lanak hasi gabe egotea".