Gizartea -
Zirkulazio istripua
Gironako istripua eragin zuen gidariak gidabaimena erretiratuta zuen
Generalitateak gehiegizko abiadura jo du eragile nagusitzat. Ezbeharrean zazpi pertsona hil ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jordi Jane Generalitateko Barne kontseilariak igande honetan azaldu duenez, atzo N-II errepidean, Gironan, izandako auto istripua eragin zuen gidari frantziarrak gidabaimena erretiratuta zuen abenduaz geroztik, eta aurrekariak zituen alkoholemiagatik eta bide segurtasunaren arloko beste hainbat arau-hauste egiteagatik.
Gironako Figueres udalerrian eskainitako prentsaurrekoan, kontseilariak nabarmendu du matrikula frantziarreko ibilgailua abiadura "desegokian" zihoala beste auto baten kontra talka egin zuenean. Gaineratu duenez, Poliziak 5.670 euro eskudirutan eta bi vodka botila aurkitu zituen autoaren barruan.
Janeren esanetan, matrikula frantziarreko autoan zihoazen bost lagunak 19 eta 22 bitarteko frantziarrak ziren; zehazki, Perpignan, Carcassone eta Okzitaniako Tolosa udalerrietakoak.