Gizartea -
Kongresuaren aurrean
Esako urtegia hazteko proiektua atzera botatzeko eskatu dute
Río Aragón eta Yesa+NO elkarteek deitu dute manifestazioa, eta proiektuak aurreikusten duen urtegiaren altuera areagotzea 'erabateko ausarkeria' dela adierazi dute.
Agentziak | erredakzioa
Ordezkari politikoak, erakunde ekologistak eta hainbat plataforma herritarren kideak elkarretaratzea egin dute gaur Madrilen, Diputatuen Kongresuaren aurrean, Nafarroako Esako urtegia areagotzeko egitasmoa bertan behera gera dadila eskatzeko.
Río Aragón eta Yesa+NO elkarteek deitu dute manifestazioa, eta proiektuak aurreikusten duen urtegiaren altuera areagotzea 'erabateko ausarkeria' dela adierazi dute; euren aburuz, urtegitik beherago dauden Nafarroako eta Aragoiko udalerriak mehatxupean baitaude.
"Esa, beste legegintzaldi gehiagorik ez" lelopean 400 pertsona inguru bildu dituen elkarretaratzean, honako erakunde hauek parte hartu dute, besteak beste: Ecologistas en Acción, Greenpeace, SEO/BirdLife, WWF, la Plataforma en Defensa del Ebro y la Fundación Nueva Cultura del Agua.
Aipatutakoez gain, Geroa Bai, Podemos, EH Bildu eta Unidad Popular alderdietako ordezkariak ere bertaratu dira, eta antolatzaileek auzia konpontzeko dauzkaten proposamenak biltzen dituen agiri bat eman diete.
Esako urtegia hazteko egitasmoa hasiera batetik (1980ko urteetan) jarri zen zalantzan, eta beti izan du gizartearen zati handi bat aurka, batez ere lehendabiziko lur-irristatzeak antzeman zirenetik.
Iker Aramendia Yesa+NO elkarteko bozeramaileak ziurtatu duenez, "urtegia baino beherako bizi garenok etengabeko arrisku egoeran gauden sentsazioa daukagu".
Bere esanetan, une honetan "aldaketa politikoari bide aman ahal zaio, eta oraintxe da politikoei erabateko txip aldaketa egiteko beharra dagoela esateko garaia".
Esako urtegia Aragoi errekan dago kokatuta, Nafarroa eta Aragoi bitartean, eta 1959 eraiki zuten. Urtegia urez betetzeko 1.500 pertsona inguru hiru herritatik aterarazi zituzten. Dena dela, 2007tik aurrera izan diren irristatzeek piztu dute benetako alarma.