Gizartea -
50.000 euroko zigorra
Balizko isuna Osasunari, Indar Gorriri sarrerak eman dizkiolakoan
Indarkeriaren aurkako Batzordeak dio talde nafarrak zaleen kolektibo horretako kideen esku jarri zituela gonbidapenak Lugo-Osasuna partidarako. Zuzendaritza Batzak, aldiz, ukatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Indarkeriaren aurkako Batzordeak Osasunarentzako zigor-proposamena egin du; hain zuzen, Batzordeak proposatu du Osasunak 50.000 euroko isuna ordaintzea, ustez Indar Gorri zale-taldeko hainbat kideri Lugo-Osasuna partidarako gonbidapenak emateagatik (martxoaren 5ean jokatu zuten aipatu partida). Osasunak, gainerako zenbait klubek ere egin dutenez, agiria babestu eta sinatu du, non konpromisoa hartzen duen gonbidapenak ez emateko "problematikoak diren edo indarkeria-aurrekariak dituen taldeei". Iruñeko futbol-taldeak, dena den, ukatu du gonbidapena horiek Indar Gorriri eman izana.
Indarkeriaren aurkako Batzordeak, gainera, gogorarazi du Indar Gorri ez dagoela erregistratu Jarraitzaileen Jardueren Erregistro Liburuan; halaber, nabarmendu ere nabarmendu du Batzordeak Osasunak beste zigor-proposamen bat ere jaso zuela, otsailaren 21ean jokatutako Osasuna-Zaragoza partidagatik eta oraingo arrazoi beragatik.
Klub gorritxoak, Diario de Navarrak gaurko bere edizioan jakinarazten duenez, helegitea jarriko dio isuna-proposamenari; izan ere, egunkari horretan zehaztuta dagoenez, talde nafarrak dio ez diela gonbidapenik eman Indar Gorriko kideei. Osasunako Zuzendaritza Batzak azaldu du hogei bat zale joan zirela gonbidapenekin Lugora, taldea animatzera, eta zale horiek nortzuk ziren eman zuen jakitera Osasunak. Klubaren arabera, ez zegoen Indar Gorriko kiderik Lugon izan zen jarraitzaile-talde horren barnean.