Gizartea -
zirkulazioa ASTE SANTUAN
Irunek bidesariak kentzea eskatu du auto-ilarak saihesteko
Itzulera-operazioan, AP-8 autobidean, 13 kilometro baino gehiagoko auto-ilarek autoen zirkulazioa geldiarazi zuten hainbat puntutan Irunerako eta merkataritza-gunetarako sarbidean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Antonio Santano Irungo (Gipuzkoa) alkateak, auto-ilara handiak saihesteko helburuarekin, bidesariak kentzea eskatu die Bidegi eta Autoroutes du Sud de la France (ASF) AP-8 eta A-63, hurrenez hurren, autobideetako kudeatzaileei. Aste Santuko itzulera operazioan, esaterako, 13 kilometro baino gehiagoko auto-ilarak izan ziren eta zirkulazio arazoak berriro gerta ez daitezen, pilaketa handiak dauden egoeretan bidesariak kentzea eskatu du alkateak.
Frantzian ezarritako trafiko murrizketak direla eta, AP-8 autobideak kamioi-errenkadak eragin zituen Biriatuko pasabidetik aurrera. Ilara horiek, Irunetik igaro eta gero, Oiartzunera heldu ziren. Aipatutako murrizketek ibilgailu astunen trafikoa galarazi zuten igandeko eta asteleheneko jaiegunetan.
Santano alkateak ohartarazi duenez, 2005ean Bidegik eta ASF-k auto-ilara handiko egoeretan bidesarien ordainketa liberalizatzeko hitzarmen bat sinatu zuten. "Tamalez, badirudi inork ez duela akordio hori gogoratzen. Are gehiago, ez dute itunak zehazten dituen gutxieneko eskakizunik bete", azaldu du alkateak.
Auto-ilaren ondorioak
Horregatik, Santanok bilera bat eskatu du autobideetako arduradunekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Alkatearen esanetan, hiriak "honelako auto-ilarak pairatzen ditu". Irungo alkateak nabarmendu du "geroz eta ohikoagoak" direla eta udalerriko jarduera ekonomikoetan kalteak eragiten dituztela.
Alkateak azaldu du auto-ilarek, autobideetako ibilgailu zirkulazioa oztopatzeaz gain, Irunerako eta merkataritza-gunetarako sarbidea galarazi zuela hainbat puntutan. Santanok azpimarratu du hiritarrak "ohituak" eta "nazkatuak" daudela auto-ilarekin.