Gizartea -
Gizarte-laguntzak
Laguntzek etorkinak erakartzen dituztela uste du Gipuzkoako Aldundiak
Aldundia diru-sarrerak bermatzeko laguntzen kontrako kanpaina bat egiten ari dela salatu du EH Bilduk. Laguntza kenduz gero, “500 ume zubipean geratzeko arriskua dago”, ohartarazi du koalizioak.
Agentziak | Erredakzioa
Diru-sarrerak bermatzeko laguntzak (DML) “berregituratzeko” asmoa agertu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Laguntza hori iragan legealdian onartu zuten, baina gizarteratzea ez duela bermatzen uste du. Gainera, etorkinak erakartzen dituela uste du. EH Bilduk eta Podemosek Gipuzkoako Foru Gobernuaren planteamendua kritikatu dute.
Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak eta Jon Iribar Plangintzako, Ituneko eta Prestazio Ekonomikoetako Zerbitzuko buruak txosten bat aurkeztu zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan, diru-laguntzaren “eraginkortasuna” aztergai. Laguntza hori 2012ko uztailean jarri zuen martxan EH Bilduren Exekutiboak.
Txostenaren arabera, diru-sarrerak bermatzeko laguntzak ez du betetzen gizarteratzeko helburua, eta lurraldean “beharrizan berriak” sortzen ditu, etorkinak “erakarri” egiten dituelako. Gipuzkoan bakarrik ematen dute laguntza hori.
EAJ-PSEren Foru Gobernuak “laguntza berregituratu” nahi du, urtean 11 milioi euroko kostua baitu. Peñak iragarri duenez, alderdi politiko, elkarte eta udalekin bilera-sorta egingo dute horretaz aritzeko.
Hilero 1.400 pertsonak jasotzen dute laguntza hori, baina Gipuzkoan erroldatuta urtebete eman behar dute gutxienez. Diru-sarrerak bermatzeko errenta (Jaurlaritzak ematen duen laguntza) jasotzeko, aldiz, gutxienez hiru urte eman behar dute erroldatuta, Iribarrek gogorarazi duenez.
Laguntza horren hartzaile bakoitzak hilean 706,6 euro jasotzen dituela erantsi du Iribarrek. Diru-laguntza hiru urtez jaso ohi dute, eta epe hori igarota diru-sarrerak bermatzeko errenta eskatu ahal dute.
“Hipokresia”
Aldundiaren “hipokresia” salatu du Ernesto Merino EH Bilduko bozeramaileak; izan ere, diru-laguntza hori kritikatu du, errefuxiatuak “aho txikiarekin” defendatzen dituen bitartean.
Dagoeneko hartuta dagoen “erabaki politikoa” dela azpimarratu du EH Bilduko ordezkariak. Aldundia horren ospea galtzeko kanpaina bat bultzatzen ari dela kritikatu du EH Bilduk. Hori kenduta, “500 ume zubipean geratzeko arriskua dago”, ohartarazi du koalizioak.
Bestalde, txosten tekniko batean “erakarri” hitza erabiltzea kritikatu du Monica Mora Podemoseko batzarkideak. Laguntza hori aldatzeak edo kentzeak pobrezia zabalduko lukeela ohartarazi du Morak. Horregatik, laguntza horrekin batera, beste neurri batzuk bultzatu behar direla nabarmendu du.