Gizartea -

Negoziazio Mahaia

Osakidetzak 1.079 plazako Lan Eskaintza Publikoa proposatu du 2016rako

Sindikatuek Osakidetzak negoziatzeko duen 'borondate falta' kritikatu eta 3.000 plazatik gorako LEPa eskatu dute.

Artxiboko irudia:

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako mahai sektorialaren bilera egin dute gaur eta 2016rako Lan Eskaintza Publikorako (LEP) proposamen berria mahaigaineratu die zuzendaritzak sindikatuei. Aipaturiko proposamen horrek 1.079 plazako Lan Eskaintza Publikoa egitea, kontratazioaren kalitatean hobekuntzak egitea eta langile taldea zabaltzea eta egonkortzea jasotzen du.

Gaurko bileraren helburua otsailaren 17an hasitako negoziazioekin jarraitzea zen. Orduan lan-baldintzen inguruko akordioa lortzeko "borondatea" agertu zuen Osakidetzak, baina sindikatuek zalantzan jarri zuten eskaintza hori "urteetako inposizioaren ondotik" eta "hitzetatik ekintzetara" igarotzea eskatu zuten.

2016rako Lan Eskaintza Publikoaren baitan 1.079 lanpostu eskainiko ditu, horietatik 929 txanda librean eta 150 barne promoziorako. Horiez gain, 2014-2015eko LEPko 1.014 lanpostuak batu behar zaizkie.

Osakidetzak ohar bidez zehaztu duenez, 2014-2015eko LEPan eskaini gabeko lanpostuetan ardaztuko da batez ere 2016koa.

Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak azpimarratu duenez, "gure proposamena adostasuna lortzeko bezain zabala, anitza eta osoa da". Halaber, Osakidetzaren "borondate negoziazioa" nabarmendu du eta sindikatuen artean ere jarrera bera aurkituko duenaren itxaropena agertu du.

Bestalde, Osakidetzak negoziatzeko duen "borondate falta" kritikatu eta 3.000 lanpostutik gorako LEPa eskatu dute sindikatuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza