Gizartea -

Arrazakeriaren aurkako eguna

Mediterraneoa 'hobi komun erraldoi' bihurtu dutela salatu dute Iruñean

"Inor ez da ilegala" lelopean, manifestazioa egin dute, "Europako kostan milaka pertsona hiltzen" direla eta itsasoa "hobi komun erraldoi" bihurtu dela salatzeko.

Manifestazioa, Iruñean. Argazkia: Efe
Manifestazioa, Iruñean.
Manifestazioa, Iruñean. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagunek manifestazioa egin dute gaur Iruñean "Inor ez da ilegala" lelopean, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren baitan, "Europako kostan milaka pertsona hiltzen" direla eta itsasoa "hobi komun erraldoi" bihurtu dela salatzeko.

Nafarroako SOS Arrazakeriak, Amnistia Internazionalak eta Denontzat plataformak deituta, manifestazioa egin dute eguerdian Gaztelu plazatik abiatuta, euripean.

Manifestazioan parte hartu dutenek Mediterraneoa "hobi komun" bihurtu dela salatu dute, eta "lotsaren ituna"ren kontra agertu dira, errefuxiatuak deportatzeko neurriaren harira.

Manifestazioa hasi baino minutu batzuk lehenago, Javier Urroz Denontzat plataformaren ordezkariak esan du aurten "pertsona errefuxiatu asko kaltetu" dituztela eta "atzerapauso itzela" izan dela.

Beatriz Villahizan Nafarroako SOS Arrazakeriaren bozeramaileak azpimarratu du "inoiz baino gehiago" dagoela justifikatuta gaurko manifestazioa, arrazakeriak "indarrean eta egungo politikak elikatzen" jarraitzen duelako, "mugak kontrolatzeko eta ixteko politiketan bereziki".

Arrazakeriaren aurkako Nazioarteko Egunak 1960an du jatorria, Hegoafrikako Sharpevillen izandako sarraskian. Poliziak apartheidaren kontrako manifestarien kontra tiro egin eta 69 lagun hil zituen.

Oxfamek gizakien trukea leporatu dio Europari

Oxfam erakundeak "gizakiak neurri politikoen truke" ematea leporatu dio Europar Batasunari, Greziara iristen diren errefuxiatuak Ankarara itzultzeko akordioaren harira.

"Europako eta Turkiako buruzagiak migrazio krisiari eman dioten irtenbideak ez ditu nazioarteko eta Batasuneko legeen izpiritua errespetatzen, eta oniritzia ematen dio neurri politikoak gizakiekin trukatzeari", adierazi du agiri batean Sara Tesorieri Oxfamen Migrazio Politikarako arduradunak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak Albisteak migrazioa gaur Gaurko albisteak Nafarroan Gaurko azken orduko albistea Siriar errefuxiatuak Europan Protestak gaur Zer gertatzen ari da Mediterraneoan?