Gizartea -

2011ko protesta

Kaperako protestagatik 4.300 euroko isuna ezarri diote Rita Maestreri

Sentimendu erlijiosoen kontrako delitu bategatik zigortu du epaileak. Fiskaltzak kartzela-zigorra eskatu zuen.

Maestre, epaiketaren egunean. EFE
Maestre, epaiketaren egunean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Zigor arloko 6. epaitegiak 4.380 euroko isuna ezarri dio Rita Maestre Madrilgo Udaleko bozeramaileari, 2011n Madrilgo Unibertsitate Complutenseko kaperan egindako protestan sentimendu erlijiosoen kontra aritu zela egotzita.

Fiskaltzak urtebeteko kartzela zigorra eskatu zuen Ahora Madrileko eledunarentzat, baina isuna ezartzea erabaki du epaileak, akusatuak "zigor aurrekaririk ez duelako". Beste akusatua, Hector Meleiro, errugabe jo du epaileak, protestan parte hartu zuela frogatzerik izan ez duelako.

Isuna ordaintzeko 12 hilabeteko epea eman dio epaileak, hortaz, eguneko 12 euro ordaindu beharko ditu Maestrek. Politikan aritzeko debekurik ez diote ezarri, Fiskaltzak akusazio idatzian halakorik eskatu ez zuelako (orduko hartan Maestre ez zen zinegotzi)

Maestrek epaiketan adierazi zuenez, 2011koa protesta baketsua izan zen, eta ez zuen inor iraintzeko asmorik izan. Epaiketan aitortutakoaren arabera, kamiseta kendu zuen, beste neska batzuek hala egiten zutela ikusita, baina "bularraldea erakusteak ez du zertan iraingarria izan", horren esanetan.

Epailearen aburuz, protesta izan zen kaperan egindakoa, baina "sentimendu erlijiosoak iraintzea zuen helburu".

Epaian azaldu duenez, Maestrek "bazekien non zegoen, eta Eliza Katolikoa barregarri uzteko eta sentimendu erlijiosoei irain egiteko asmotan, ekintza iraingarriak egin zituen".

Epailearen iritzian, protesta antolatuta zegoen. Akusatuek kontrakoa esan bazuten ere, epaileak ez du uste Maestre bat-batean batu zenik eta kaperan gertatu behar zena aurreikusi ezin zezakeenik.

Epaia ezagutu ostean, Maestreri babesa agertu dio Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak:

 

Todo mi apoyo a @Rita_Maestre y a las que defienden la laicidad y los derechos de las mujeres.

— Pablo Iglesias (@Pablo_Iglesias_) 18 de marzo de 2016

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Delituak Gizartea albisteak Albisteak