Gizartea -
Trafikoa
Zein abiaduratan ateratzen dute argazkia DGTren radarrek?
Espainiako Trafiko Zuzendaritzak muga hau ezartzen du: 8 km/h-koa 100 km/h baino gutxiagoko errepideetan, eta % 7koa hori gainditzen duten horietan. EAEn eta Katalunian ezberdina da.
E.G | EITB.eus
Aste Santua ate joka dugun honetan, asko dira autoz bidaiatxoren bat egiteko asmotan daudenak, eta halakotan, abiadura gainditzeagatik etor litezkeen isunen beldur egongo dira banaka batzuk.
Espainiako Trafiko Zuzendaritzak (DGT, gazteleraz) abiadura radarren tolerantzia maila bateratu zuen 2015ean, istripuak gutxitu eta isun kopurua murrizte aldera. Hala, ordudanik, gidariek badakite makinek noiz "harrapa" ditzakeen.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak du zirkulazioaren gaineko eskuduntza, eta, beraz, euskal errepideetan ez dira DGTren irizpideak aplikatzen. Katalunian ere, Generalitateak ezartzen ditu arauak. Dena den, Nafarroan eta Estatuko gainerako erkidegoetan honako mugak dituzte radarrek:
Abiadura neurtzeko gailuek akatsa izan lezaketela onartuta, orokorrean, ezarritako gehienezko abiadura orduko 8 km gainditzean aterako dute argazkia. Hau da, 50 km/h muga duten errepideetan (hiri barruko zein hiriarteko bideetan) 58 km/h baino gehiago doazen horiei ezarriko diete isuna. Errepide arruntetan, bestalde, 98 km/h-ko abiaduran aterako du argazkia radarrak. Abiadura muga 10 km/h-tan gainditzean aktibatzen zela uste zutenek, beraz, usteak ustel.
100 km/h gorako gehienezko abiadura duten errepideetan, tolerantzia maila ezberdina da. DGTk % 7ko portzentajea ezartzen du. Hortaz, 109, 120 eta 131 km/h abiadura gainditzen duten ibilgailuei ezarriko diete isuna (hurrenez hurren, 100, 110 eta 120 km/h-ko gehienezko muga duten autobia eta autobideetan)
Hona irizpideok, modu grafikoago batean adierazita:
ABIADURA MUGA 30 40 50 60 70 80 90 100 110 120
ISUNA EZARTZEKO ABIADURA 38 48 58 68 78 88 98 109 120 131
Oporretatik bueltan buzoian paper desatseginik nahi ez duenak, bada, kontuan eduki beharko ditu mugok. Dena dela, zuhurrena bide seinaleek ezarritakoari jaramon egitea izaten da beti.