Gizartea -
Polemika Bilbon
Campos antzokiak eten du Wismichuren ikuskizunerako sarreren salmenta
Ostiral honetan erabakiko du antzokiak youtuberraren ikuskizuna bertan behera utziko ote duen.
EITB.EUS
Bilboko Campos Eliseos antzokiak eten egin du Wismichu youtuberrak eskaini behar duen ikuskizunerako sarreren salmenta, eta ostiral honetan erabakiko du emanaldia behin betiko bertan behera utziko duen.
EH Bilduk emanaldia galarazteko eskaera egin dio Bilboko Udalari, "Hay un Wismichu en mí" lanak "pederastiaren eta indarkeriaren apologia" egiten duela ulertuta.
Alba Fatuarte koalizio abertzalearen zinegotziak salatu duenez, "ezin daiteke baimendu horrelako ikuskizun bat, non adin txikikoei puta deitzen dieten eszenatokira igotzeko gonbitea luzatzen dieten bitartean; pederastiaren eta indarkeriaren apologia egiten da eta, gainera, Campos Antzokiaren kasuan, udalaren instalazioetan".
Wismichu youtuberraren ikuskizunak hautsak harrotu ditu, eta Santa Cruzeko (Tenerife) Udalak Adingabeen Fiskaltzaren aurrean salatu berri du. Martxoaren 19an zen plazaratzekoa Bilbon, baina dagoeneko ezin daiteke hura aurkitu Campos antzokiaren webguneko agendan.