Gizartea -

Emakumeen Nazioarteko Eguna

Parekidetasunari ezin eutsita, beste urte batez

Soldatei erreparatuta, langabezia tasari begiratuta edota umeen zaintza zein etxeko lanen banaketari dagokionez, gizonen eta emakumeen arteko aldeak handiak dira oraindik ere.

Iazko Emakumeen Nazioarteko Eguna Iruñean. Artxiboko irudia: EFE
Iazko Emakumeen Nazioarteko Eguna Iruñean. Artxiboko irudia: EFE
Iazko Emakumeen Nazioarteko Eguna Iruñean. Artxiboko irudia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016. urtea, martxoak 8 ditu gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta gizonen eta emakumeen arteko parekidetasunari ezin eutsita dator beste urte batez. Soldatei erreparatuta, langabezia tasari begiratuta edota umeen zaintza zein etxeko lanen banaketari dagokionez, gizonen eta emakumeen arteko aldeak handiak dira oraindik ere.

Hego Euskal Herrian gizonak baino 16.449 emakume gehiago zeuden otsailean lanik gabe, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Lanean dauden gizonen eta emakumeen egoera aztertuta ere ezberdintasunak nabariak dira. 2013an, gizonek, emakumeek baino ia 10.000 euro gehiago irabazten zuten batez beste. Emakumeak urtean 82 egun gehiago egin beharko lituzke lan gizonen soldata bera jasotzeko.

Alde nabarmenenak 60 eta 64 urte artekoen artean izan ziren, kasu hauetan emakumeek ia 18.000 euro gutxiagoko errenta jaso zuten.

Eustatek argitaratutako azken datuen arabera, emakumeek gizonen denbora bikoitza ematen dute etxeko lanetan. Egoera, hala ere, azken 20 urteetan zertxobait hobetu egin da, 1993an emakumeek lau aldiz denbora gehiago ematen zuten etxeko lanetan gizonek baino.

Lana eta familia

Lana eta familia uztartzeko laguntzek ere ezbaian jarraitzen dute, 2007tik amatasun baimenak 16 astekoak dira eta aitatasun baimenak, berriz, 15 egunekoak.

Eusko Jaurlaritzak bi baimenak parekatzeko urratsak emango dituela adostu zuen otsailaren 25ean, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zuenez, hil honetan aurkeztuko du arlo honen inguruko plana.

Indarkeria

Indarkeria matxistari dagokionez, Europa mailan egindako ikerketa baten arabera emakumeen %55ek bere bizitzan zehar indarkeria matxista erasoren bat jasan duela dio eta %5ek bortxaketa baten biktima izan dela aitortu du.

2015ean Euskal Herrian hiru emakume hil ziren indarkeria matxistaren ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana albisteak Albisteak Mundu matxista Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Eustaten datuak