Gizartea -
Balantzea
Delitu kopuruak behera egin zuen Donostian 2015ean
Delitu kopuruak % 5,26 egin zuen behera iaz, 1.000 biztanleko 64,3 delitu egin baitziren.
agentziak | erredakzioa
Delinkuentzia % 5,26 txikitu zen iaz Donostiako aurreko urteko datuekin alderatuta, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren estatistika bateratuen arabera.
2015ean, 11.960 delitu erregistratu ziren (2014an, 12.624). Datu horiek esan nahi dute mila biztanleko delitu-tasa 64,30ekoa dela, 2014ean baino 3,5 puntu txikiagoa.
Etxebizitza barruan indarkeriazko lapurretak % 25,72 jaitsi dira, eta beste lokaletan indarkeriazko lapurretak % 47,67, aurreko urteko datuen aldean.
2015ean, Donostian erregistratu ziren delitu guztien % 81,5 ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoak izan ziren. Delitu mota hori % 4,5 txikitu zen, 2014an 9.923 salaketa jarri baitziren, eta 2015ean, 9.476; hau da, 500 delitu gutxiago.
'Indarkeriazko delinkuentzia' bezala sailkatzen ditu Eurostatek lesio-delituak, sexu-erasoak eta indarkeria edo larderia bidez egindako lapurretak. Horiek ere % 12ko beherakada izan dute 2014ko datuen aldean, 822tik 723ra. Hiru delituetan gertatu da jaitsiera: lesio-delituak 505etik 437ra jaitsi dira; sexu-erasoak, 33tik 18ra; eta indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretak, 284tik 268ra.
Sexu-erasoen kasuan, jaitsiera % 45ekoa izan da.
Giza hilketak ere murriztu egin dira, eta jaitsiera nabarmena izan dute, % 33koa, baina bi hilketa gertatu dira.
Auzoka eta sasoika
Delinkuentziaren inguruko datuak auzoka aztertuz gero, ia auzo guztietan jaitsiera orokorra izan dela ondoriozta daiteke. Bereziki aipatzekoa da karga handiena duten auzoetan (Amara, Erdialdea, Gros edo Alde Zaharra) ere beherako joera erregistratu dela.
Aitzitik, igoera txikiak izan dira Altza-Herreran, Amaran, Mirakruz-Bidebietan, Miramonen, Igeldon eta Zubietan. Azken hiru auzoetan, ordea, egindako delitu-kopurua oso txikia izan da.
Beste urte batzuetan bezala, udan eta, batik bat, abuztuan, delituen kopuruak gora egin du. Izan ere, Donostia hiri turistikoa da, eta hilabete horietan biztanle-kopurua ere handitu egiten da.