Gizartea -
Sexu-abusuak
Bartzelonako Maristetako hiru maisuk abusuak egin izana aitortu dute
Sexu-abusuen eskandaluak Bartzelonako Maristen bi ikastetxeko zazpi irakasleri eta monitore bati eragiten die dagoeneko.
Agentziak | Erredakzioa
A.F. ustezko pederastak bere ikasleei egindako sexu-abusuak aitortu ditu. Maristetako maisuaren aitorpena lortzeko kamera ezkutua erabili behar izan dute. 80ko hamarkadan abusuen biktimak izan zirenek irakaslea “munstroa” zela adierazi dute.
El Periodico de Catalunya-k gaur argitaratu duenez, 70 bat urte dituen gizona sexu-abusuak aitortzen dituen Maristetako hirugarren irakaslea da. “Sentitzen dut mutil” eta “damututa nago” adierazi du maisuak.
Ikasle ohi batek elkarrizketa grabatu zuen kamera ezkutu batekin. Haurra zenean, bere gainean masturbatzen zenean, zer sentitzen zuen azaltzeko eskatu zion biktimak. “Umeen joko bat modukoa zen, ume batek beste ume bati egindakoa”, azaldu du A.F. irakasleak.
"Barkamena eskatzen dizut, zintzo esaten dizut"
“Hotzean pentsatuz gero, nik ere azaldu ezin ditzakedan gauzak egin ditut”, onartu du maisuak. "Barkamena eskatzen dizut, zintzo esaten dizut", esaten dio biktimari.
“Ehunka eta ehunka aldi izan ziren”, gogorarazten dio biktimak. “Zenbatu dituzu?”, galdetzen dio ikasle ohiak. “Ez”, erantzuten dio irakasle ohiak. “Orduan nuen tratamendu kaka bati botatzen diot nik errua. Giza plazenta zuen, eta ez dakit zer eragin zidan horrek edo…”, gaineratzen du.
Azken honekin Maristetako hiru irakasle dira sexu-abusuak aitortu dituztenak. Pixkanaka-pixkanaka ikasle ohiak abusuak salatzen ari dira.
Sants-Les Corts ikastetxea eta La Inmaculada eskola
Joaquim Benitez abusuak aitortzen aurrena izan zen. Sants-Les Corts ikastetxeko heziketa fisikoko irakaslea izan zen. 20 ikasle ohik salatu dute. Espainiako eskola-pederastia eskandalu larriena argitara eman zuen Benitezek.
A.E. La Inmaculada eskolako (Eixample) irakaslea abusuak aitortzen bigarrena izan zen. Biktimen genitalak ukitzen zituela onartu zuen elkarrizketa batean. A.F. hirugarrena izan da. Orain grabatu duen biktimak A.F. irakasleak sei urtetan zehar bortxatu zuela azaldu zuen.
Sexu-abusuen eskandaluak Bartzelonako Maristen bi ikastetxeko zazpi irakasleri eta monitore bati eragiten die dagoeneko. A.F. maisuak L'Hospitalet de Llobregateko etxea utzi zuen eskandalua argitara eman zutenean, eta Osona ezkutatu zen.