Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Irunek larunbateko sexu-erasoa gaitzetsi eta elkarretaratzea deitu du

Protesta-ekitaldia 19:00etan izango da, Nafarroako etorbidean.

Irungo udalak gertaera gaitzetsi eta elkarretaratzera deitu du

1:10

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irungo Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez gaitzetsi du larunbat goizaldean izan zen sexu-erasoa, eta elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, Ertzaintzak 18 urteko gizon bat atxilotu zuen hiriaren erdigunean ustez egin zuen sexu-eraso batengatik.

Irungo Udalak, Emakumeen Batzordearekin batera, elkarretaratze isila deitu du Nafarroako etorbidean, erasoa gertatu zen lekutik gertu, gaur 19:00etan.

Ertzaintzak jasotako salaketan agertzen zenez, goizaldeko lauak baino lehentxeago izan zen erasoa. Biktima etxera zihoanean, gizon batek deitu eta garaje batzuetara eraman zuen, eta bertan, mehatxupean, sexu-erasoa egin zion.

Ustezko erasotzailea geroago atzeman zuten, lagun batzuekin zegoenean.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek adierazpen instituzional bat onartu dute, erasoa gaitzesteko

Gipuzkoako Batzar Nagusiek adierazpen instituzional bat onartu dute gaur Irungo sexu-erasoa gaitzesteko. Aldi berean, "elkartasuna" adierazi diete biktimari, haren sendiari, lagunei nahiz auzokoei.

Batzar Nagusiek nabarmendu dute indarkeria matxista erabat arbuiatu eta gaitzesten dutela.

Azkenik, gipuzkoarrei dei egiten die biktimari elkartasuna adierazteko erakundeek eta gizarte eragileek deitutako ekitaldietan parte hartzeko. Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidentea 19:00etarako Irunen deitu duten kontzentrazioan izango da.

 

____________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Irun bideoak Gaurko azken ordukoa