Gizartea -

CERN-en esperimentua

Lehen talkak LHC partikula azeleragailuan

CERNeko zientzialariek hasiera eman diote gaur 'Big Bang' eztandaren baldintzak birsortzen saiatuko den esperimentuari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CERN laborategi europarraren zientzialariek lehen talkak lortu dituzte gaur LHC partikula azeleragailuan, hots, munduko azeleragailu handienean, unibertsoaren hainbat misterio argitzea xede duen esperimentuan.

Lehen aldia da tankera honetako esperimentu bat egitea lortu dutela, eta marka handia da zientziaren historian.

Hemendik aurrera, azeleragailuak 7 TeV-eko potentzian jarraituko du funtzionatzen. 18-24 hilabetez, etengabe datuak biltzen egongo da, baina 2010eko amaieran geldialdi tekniko txikia egingo dute.

CERNeko zientzialariak Twitter eta webcast bidez ari dira esperimentua jarraitzen ari.

Zer da LHC azeleragailua?

LHC azeleragailua 27 kilometro luzeko hodi biribila da eta Genevan (Suitza) lurperatuta dago, 50 eta 120 metro arteko sakoneran.

Egitura hain da handia, ezen azeleragailuan dauden detektagailuak katedralen tamainakoak baitira.

Azken finean, LHCk zera egingo du: Protoi-sortak jaurti hodiko bi noranzkoetan, argiaren abiaduran ia-ia, euren artean talka egin dezaten. Horrela, ''Big Bang'' eztanda gertatu eta gero sortu ziren baldintzak birsortzen saiatuko dira. Orotara, mila milioi talka eragingo dituzte segundoko.

LHC ez da historiako lehen azeleragailua, noski, baina orain arte martxan egon den handienak baino zazpi aldiz energia gehiago erabiliko du protoiak jaurtitzeko. 2010ean, makina %100ean dagoenean, gainera, 30 aldiz handiagoa izango da zenbakia.

Espainia proiektura diru gehien bideratu duen bosgarren herrialdea da. Hain zuzen ere, 56,5 milioi euro eman ditu, baina espainiar enpresek 120 milioi euroko kontratuak lortu dituzte.

"Jainkoaren partikula"ren bila

LHC azeleragailuaren erronka nagusietako bat ''Higgsen bosoia'' topatzea izango da. Zientzialariek uste dute partikulei masa ematen dien bosoia dela, eta hori dela-eta "Jainkoaren partikula" deitzen diote askok, baina oraingoz ez dute inoiz ikusi. Ez dakite seguru benetan existitzen den. Hipotesia baino ez da.

Baina hainbat esperimentu egin eta gero CERNek existitzen ez dela baieztatuko balu, Eredu Estandarra goitik behera aldatu beharko lukete eta Fisika liburuak zakarrontzira bota beharko lituzkete.

Dena dela, CERNeko zientzialariek uste dute Higgsen bosoia existitu existitzen dela, eta LHCk atzeman egingo duela. Hori bai, ez da 10 hilabete baino lehenago gertatuko, gutxienez.

Higgsen bosoia aurkitu ez ezik, masa zer den eta oinarrizko partikuletan zer dela eta den ezberdin ere argitu nahi dute ikerlariek.Besteak beste, materiaren eta antimateriaren arteko oreka, materia iluna zer den, unibertsoan hiru dimentsio baino gehiago dauden eta partikula supersimetrikoak existitzen diren ere aztertuko dute.

Zirraragarriena ezustekoak, sorpresak, izango dira, espero ez duten zerbait topatuko dutela uste baitute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea