Gizartea -
ARRAZISMOA ETA HEDABIDEAK
CEARek hedabideetan arrazismoaren aurkako kanpaina bat jarri du abian
Bestalde, Euskal kazetarien erakundeek Espainiako Kazetarien Elkarteetako Federakundearen (FAPE) kode deontologikoa gogorarazi dute, eta informazio diskriminatzaileak egiaztatzea eskatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin elkarteak (CEAR) abian jarri du hedabideetan zurrumurru xenofobo eta arrazistak ekiditeko kanpaina bat. Ekimen honen bidez, gorrotoa sustatzen duten mezu baztertzaileak saihestu nahi dituzte.
CEAReko hainbat ordezkarik gaur, asteartea, “Ez utzi zurrumurru arrazistek eta xenofoboek nahas zaitzaten” izeneko kanpaina aurkeztu dute Gasteizen (Araba). Ekimena Euskal Kazetarien eta Euskal Kazetarien Elkargoak babesten dute, eta xede nagusia da benetako gertakarien mezuen edo interpretazio faltsuen bidez kolektiboen diskriminazio saihestea.
Euskal kazetarien elkarteek, komunikatu baten bidez, azpimarratu dute komunikazio arloko profesionalek informazio iturriak egiaztatzea duten garrantzia. Nabarmendu dute, halaber, “iragazki eraginkor bat” erabiltzearen beharra, orotariko mezu diskriminatzaileak audientziara heldu ez daitezen.
Horren ildotik, euskal kazetarien elkarteek erakunde publikoei eskatu diete zurrumurru faltsuak ez ditzatela zabaldu, kolektibo atzerritarrak ez diskriminatzeko. CEARek, bere aldetik, kanpaina dela eta, bideo bat publikatu du. Bertan, kazetari espainiar ospetsu batzuek zurrumurru arrazisten kontrako euren konpromisoa berretsi dute.
FAPE kode deontologikoa
Euskal kazetarien elkarteek Espainiako Kazetarien Elkarteetako Federakundeak (FAPE) egindako kode deontologikoa azpimarratu nahi izan dute. Kode deontologiko honek, hainbat aholku ematen ditu; esaterako, ahulenen eskubideak errespetatzea, eta indarkeriara bultzatzen duten informazio zein iritziekin kontuz ibiltzea.
Kodigoak ere gailendu du kazetariek ez dutela gutxiespenez edota aurreiritziz tratatu behar pertsona baten arraza, kolorea, jatorria edo sexua. Gainera, profesionalek ezingo dute pertsona baten gaixotasun edo ezintasun fisiko zein mentalei buruzko informaziorik eman, albistearekin harreman zuzena dutenak izan ezik.