Gizartea -
'App' berria
Nola kargatzen da Barik txartela sakelako telefonoarekin?
Oraingoz Android sistema eragilea eta NFC teknologia duten telefonoekin soilik egin daiteke.
eitb.eus
Barik txartela sakelako telefonoaren bitartez kargatzeko aukera indarrean dago gaurtik. Baina, nola egiten da?
Lehenbizi, ezinbestekoa da CTBren aplikazioa, 'Barik NFC' izenekoa, jaistea Google PlayStoren. Hasiera batean, Android 4.0 edo berriagoa eta NFC sistema duten telefonoetan soilik egongo da erabilgarri, eta aurrerago kaleratuko dituzte gainerako sistema eragileentzako bertsioak.
Aplikazio horren bitartez, erabiltzaileak edozein Barik kargatu ahal izango du, nahi duen guztietan, nonahi eta noiznahi.
Horretarako, txartela telefonoaren atzealdean jarri behar da, hura ukitzen ari dela. Telefonoak Barik txartela identifikatuko du aplikazioa irekitzean, eta orduan hasiko da kargatzeko prozesua. Oso garrantzitsua da txartelak telefonoa ukitzea kargatzeko prozesu osoan.
Aplikazioaren barruan, erabiltzaileak karga mota aukeratu behar du: normala edo hilabetekoa.
Prozesu horretan, erabiltzaileak kreditu txartelaren datuak eta zenbatekoa zehaztu beharko du.
Era berean, azken 30 mugimenduak kontsultatzeko aukera izango du.