Gizartea -

Polemika

Pribatutasuna vs. segurtasuna, Apple eta AEBko Gobernuaren artean

Konpainia teknologikoak iPhone bat desblokea dezala nahi du FBIk, ikertzen ari den terrorismo kasu batean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apple enpresak uko egin berri dio iPhone bat desblokeatzeko FBIk egin dion eskaerari; horren ondorioz, enpresa teknologikoaren eta AEBetako Gobernuaren artean ika-mika sortu da, eta, itxura guztien arabera, aste honetan areagotu egingo da bien arteko liskarra.

Bi alderdietako inork ez du ahultasun arrastorik erakusten iPhone mugikor baten harira sortu den borrokan. iPhone hori joan zen abenduan Kaliforniako San Bernardino hirian gertatu zen tiroketako egile batek erabili zuen. Jazoera 14 pertsona hil ziren eta beste 22k zauriak izan zituzten, eta gertakaria terrorismo kasu gisa ikertzen ari dira.

Konpainia teknologikoak iPhone bat desblokea dezala nahi du FBIk; hain zuzen ere, FBIk nahi duena honako hau da: telefonoan instalatuta dagoen segurtasun-sistema gainditzen lagunduko dion programa bat diseina dezala. Aipatu programa gailuan dagoen eduki guztia ezabatzeko prestatuta dago, pasahitzak sartzen hamar saiakera baino gehiago eginez gero.

Hori horrela eginez gero, FBIri "indar basatia" izenez ezagutzen den metodoa erabiltzea ahalbidetuko lioke. Metodo horrek pasahitz-konbinazio ugari erabiltzen ditu egokia dena aurkitu arte.

Sheri Pym epaile federalak Apple enpresari joan zen astean agindu zion FBIko agenteei laguntza eman ziezaiela, baina Kaliforniako Cupertino herrian egoitza duen erraldoi teknologikoak ezezkoa esan dio.

Silicon Valleyren babesa

Silicon Valleyko hainbat konpainia teknologiko handik legezko mozioak aurkezteko asmoa daukate Apple babesteko mozioak. Hain justu ere, Google, Facebook, Microsoft, Twitter, Amazon eta Yahoo dira enpresa horiek, eta keinu horrekin Silicon Valleyn fronte bateratu bat sortzea espero dute, AEBetako Gobernuarekin pribatutasunaren eta segurtasunaren defentsaren artean sortutako tirabiran.

Gerra-hotsak ozen entzungo dira Washingtonen ere, batez ere asteartean, Ordezkarien Ganberako Batzorde Judizialaren aurrean entzunaldia egon dadila aurreikusten baita, segurtasunaren eta pribatutasunaren artean egon behar lukeen oreka aurkitzeko asmoz.

Auzi honetan Applen abokatu nagusiena den Theodore Olsonek ostiralean ohartarazi zuen Gobernuaren presioei men egiteak "polizia-estatua" ekarriko lukeela.

Applek Pym epaileari ostegunean eman zion erantzun formalean argudiatu zuenez, bere iPhone mugikor bateko datuetara sartzeko laguntza eskatzen dion "aurrekaririk ez duen Gobernuaren aginduak" ez du legearen babesik eta Konstituzioa urratzen du.

Cupertinoko erraldoiaren aburuz, auzia Kongresuan eztabaidatu beharko litzateke, eta iritzi berekoa bere aurkari teknologikoa den Microsoft ere. Hark dioenaren arabera, Gobernuak Applen aurka daukan auzi legala oinarritutako legea XVIII. mendekoa da, eta desfasatua dago.

"Ez dugu uste auzitegiek XXI. mendeko teknologiaren gaineko kontuak batuketak egiteko makinen garaiko legeen bidez epaitzen saiatu behar dutenik", adierazi zuen Microsofteko aholkulari legal nagusiena den Brad Smithek Kongresuan egindako agerraldian.

Bitartean, Apple kasua Auzitegi Gorenera eramateko prest dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak