Gizartea -
Isilpeko apustuak
Oilarrak borroketarako prestatzea leporatuta, inputatuta San Adrianen
Dirudienez, isilpeko apustuetarako erabiltzen zituzten. Oilarren borrokak agertzen ziren bideo bat aurkeztu ostean hasi zen ikerketa.
Agentziak | Erredakzioa
Foruzainek animaliei tratu txarrak emateagatik inputatu dute 33 urteko J.J.J. gaztea. San Adrianen bizi da eta ustez isilpeko apustuak egiteko erabiltzen zituen oilarrak.
Foruzainen arabera, iaz Iruñeko udaltzainek jaso zuten salaketa baten harira hasi zuten ikerketa. Orduan, oilarren borroka bat agertzen zen bideo bat aurkeztu zuten. San Adriango etxebizitza batera joan ziren foruzainak eta hiru oilar aurkitu zituzten bertan, bideoan agertzen zirenak, hain zuzen ere. Gandorra moztuta zuten eta bakoitza kaiola batean zegoen. Ustez suspertzen ari ziren borroka gehiagotan parte hartzeko.
Etxebizitza horretan, egurrezko paletez egindako esparru bat zegoen. Bertan entrenamenduak egiten zituzten, borrokak Calahorran egiten baitzituzten.
Atxilotuak aurrekari polizialak ditu hainbat delituengatik. Hiru oilarrak Ilundaingo berreskuratze-zentrora eraman dituzte, zaurietatik artatu ditzaten.